Ijitoek euren kultura erakutsiko dute beste urtebetez Errenterian

Ijito_Astea_AurkezpenaKamelamos Adikerar Ijitoen Elkarteak 13.urtez antolatu du Ijitoen Kultur Astea Errenterian. Datorren urriaren 5ean hasi eta 9ra arte ekintza ezberdinak prestatu ditu elkarteak. Besteak beste, Juan Carlos Jimenez elkarteko presidentea, Susana Mouron gizarte hezitzailea eta Javi, Jony eta Bernabe elkarteko kideak izan dira aste kultural honen aurkezpenean. Ion Collar kultura zinegotzia ere bertan izan da.

Antolatzaileek adierazi dute aste honen helburua oraindik jendartean erroturik dauden estereotipoak hautsi eta ijito komunitatearen eta gainontzekoen sentsibilizazio zein integrazioan eragitea dela. Zentzu honetan, Ion Collarrek elkartea zoriondu du egiten duen lana dela eta. Ijito direnen eta ez direnen arteko elkarbizitzarako egitarau oparoa osatu dute. Ijito kafea, haurrentzako jolasak, antzerkia, esku pilota txapelketa edota zine foruma izango dira, besteak beste.

Urriaren 7an Beraungo Gaztelekuan egingo den antzerkiaren garrantzia azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Izan ere, rol playing bat egingo dute gazteekin, egunerokoan alde batetik zein bestetik ematen diren baztertze egoerei nola aurre egin ikusteko eta estereotipoak apurtzeko.

Futbol taldea

Duela bi urte inguru lagunartean futbolean jokatzeari ekin zioten hainbat ijito eta ez ijitoek ofizialtasuna lortu dute oraingoan. Eta horrela, 13 urtez sentsibilizazio lanetan aritu eta gero, futbol taldea osatu dute. Talde honen helburu nagusia haur ijitoek kirolean erreferenteak izatea da. Modu honetan, eurak ere jolastera eta kirol munduan sartzera animatzeko.

Egitaraua:

  • Astelehena, urriak 5
    • 10:00-13:30 Xabier Olaskoaga Plazan: ijito kafea
    • 17:30-18:30 Beraungo Ludotekan: misteriozko puzzleak / Lagunarteko jolasak
    • 19:00-20:00 Fanderiako Frontoian: Montxo Jimenez V.Memoriala Esku Pilota Torneoa
  • Asteazkena, urriak 7
    • 18:00-19:30 Beraungo Gaztelekuan: antzerkia
    • 20:00-21:00 Fanderiako Frontoian: Montxo Jimenez V.Memoriala Esku Pilota Torneoa
  • Osteguna, urriak 8
    • 18:00-20:00 Xenpelar Etxean: zine foruma, “Piratas y libélulas”, eta solasaldia
  • Ostirala, urriak 9
    • 19:00-20:00 Fanderiako Frontoian: Azken Fasea – Sari Banaketa, Montxo Jimenez V.Memoriala Esku Pilota Torneoa

2015-SEMANA-GITANA-1