Mendoza: “Bideak garbitzeko eta hondakinak biltzeko zerbitzua duindu nahi dugu”

DSC_0686Herriko garbiketa herritarren kezka iturri nagusietako bat izan ohi da udalaren esanetan, eta horren jakitun, kale-garbiketa eta hondakinak biltzeko zerbitzua hobetu nahi du Gobernu Taldeak. Bide horretan, astearteko Udaleko Osoko Bilkuran zerbitzu hori kontratatzeko baldintza-agiriak onartu ziren, EAJ/PNVk egindako proposamen ia guztiak jasotzen dituztenak.

Julen Mendoza Alkateak, Jose Cruz Legorburu ingurumen zinegotziak, eta Jaione Karrikiri alkateordeak aurkeztu dituzte baldintzen xehetasunak gaur egin duten prentsaurreko batean. Aukeraketa prozesua lehenbailehen hasi nahi dute, eta zerbitzu berria martxan jarri bitartean, sei hilabete inguru pasako direla aurreikusi dute.

Julen Mendoza alkateak adierazi duenez, zerbitzua duindu nahi dute, herritarren bizi-kalitatean eragina duelako. Eta horretarako urtean 590.000€ gehiago bideratuko dira kontratazioan. Diru kantitate horrekin, udalak egindako “apustua” ikusten dela uste du Mendozak. Auzo batzarretan herritarrek adierazitako kezketatik eta udalak berak bere garaian 10 urtetarako kontratu zen zerbitzuan antzemandako hutsuneetatik dator apustu hau egiteko hautua.

Behin 10 urtetako kontratazioa amaitu zenean, berriz lizatatu zen, baina urtebeterako, eta tarte horretan udalean arduradun bat izendatu zuten zerbitzua kontrolatu eta honen beharrak hobeto ezagutzeko. Behin analisia egin ostean osatu dituzte baldintza-agiriak. Era berean, baldintza-agirietan “hobekuntzak” ezarri dituzte 2016rako hondakinen %60 gaika biltzea lortzeari begira.

Berrikuntzak zerbitzuan

Hainbat berrikuntza ekarriko ditu kontratazio proposamen honek. Garbiketa sistemako flota guztia berritzearekin batera, tresna berri bat gehituko da, zeinak ur beroarekin garbitzeko sistema bat edukiko duen. Halaber, tamaina handiko hondakinak biltzeko telefono-zerbitzu pertsonalizatua jarriko dute martxan, altzariak biltzea tokatzen ez zen egunean utzi eta honek sortzen zituen arazoei aurre egiteko. Atoi ibiltari bat ere jarriko dute, edukiontzi espezifikorik ez duten objektuak bertan jasotzeko.

Gainera, kontzientziazio kanpainei ere garrantzia berezia emango diete, gaiaren inguruan herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatu nahian. Lan-arloko klausulak ere baldintzetan ageri dira, Gipuzkoako lan-hitzarmena nahitaez aplikatu beharko da, hain zuzen.