Salbuespen gutxi batzuekin ordenantza fiskalak izoztea da Udalaren proposamena

Collar eta Txasko 2016ko ordenantza fiskalak aurkezten
Collar eta Txasko 2016ko ordenantza fiskalak aurkezten

Etxebizitza “premia biziko” ondasuna dela eta hau babestu behar dela iritzita, OHZ (“kontribuzioa” izenez ezagunagoa) izozteko asmoa du Udalak laugarren urtez. Hala adierazi dute Jon Txasko ogasun zinegotziak eta Ion Collar kultura zinegotziak 2016ko ordenantza fiskalak aurkezteko egindako agerraldian. 2016ko ordenanantza hauek krisi ekonomikoagatik eta zerbitzuen kalitatea mantentzeak eragindako gastuengatik baldintzatuta daudela adierazi du Txaskok. Baina familiek krisiaren aurrean egin beharreko “ahalegin handia” ikusita, ordenantza fiskalak izoztea da Udalaren proposamena, salbuespen gutxi batzurekin.

OHZ izoztearekin batera, etxebizitza hutsen gainean ezarritako errekargua berreskuratu nahi da, etxebizitza horien erabilera eta okupazioa sustazeko politikaren ildotik. Halere, aldaketak egingo dituzte araua errealitate sozialera egokitzeko. Hasiera batean, herrian 1.200 etxe huts inguru zeudela kalkutatu zuten, baina egindako salbuespen eta doikuntzekin 500 etxebizitzara jaitsi da kopuru hori. Era beran, zirkulazio zergak pasa den urtean izandako %2ko galera berreskuratuko dutela aipatu du Txaskok.

Zaborren bilketari dagokionez, Txaskok azaldu du tasa honetatik jasotako sarrerek zerbitzuaren gastuaren %58 bakarrik estaltzen dutela, eta indarrean dagoen legeak zerbitzuen gastu-sarrera arteko oreka bilatzen du. Horregatik, zaborren gaineko tasa %2 igotzea erabaki du udalak. Hondakin organikoak 5.edukiontziaren bidez biltzeak autofinantzaketaren bidean laguntzen duela ere adierazi dute, izan ere, egungo erabiltzaileekin zerbitzuaren kostua 86.000€ gutxituko du. Ondorioz, ekonomian nahiz ingurumenean duen “eragin positiboa” dela eta, 5.edukiontzia erabiltzen dutenek %5eko hobaria izango dute. Eta etxean konpostatzen duten familiek, berriz, %25ekoa.

Kiroldegien kasuan, aldiz, 2011an indarrean sartu zen hitzarmen berria izan du hizpide Txaskok. Hitzarmen honekin udal kiroldegietako langileen lan-baldintzak “nabarmen hobetu” ziren, baina aldi berean langile-kostua igo zen. Ondorioz, tasak %2 igotzea proposatu dute, nahiz eta erabiltzaileak erakartzeko asmoz, %30 jaitsiko duten familien abonamendua egiteko matrikula.

Zergen hobariak

Aurreko urteetan jarduera ekonomikoa sustatzeko onartutako neurri fiskalak mantentzeko asmoa erakutsi dute, merkataritza-jardueretarako lokalak birgaitu eta egokitzeko obren ingurukoak, merkataritzako lokal txikiei “lagundu behar baitzaie”, Collarren arabera. Era berean, ingurumenaren arloko hobariak ere mantenduko dira. Udalak uste du horiek oso beharrezkoak direla, energia berriztagarriak eta isuri eta energia kontsumoaren murrizketa sustatze bidean.

2016ko Ordenatza fiskalak