Jende uholdea izan da Atlantikaldian

Jendetza AtlantikaldianArrakastatsua izan da Atlantikaldiaren hirugarren edizioa. Datu zehatzagoak jaso ondoren balorazio sakonagoa egingo duela iragarri ondoren, Errenteriako Udalak lehen balorazio bat egin nahi izan du Kultur Topagune eta Musika Jaialdia bukatu eta egun gutxira.Hiru hitzetan laburtu dute Kultura Sailetik hirugarren edizioa. “Arrakastatsua, kalitatezkoa eta partehartzailea”. “Arrakastaren neurgailurik onena –jarraitu dute– lau egunetan Errenterian bildu den jende uholdea izan da, Chambaok larunbatean eskaini zuen kontzertuan goia jo zuena. Eta noski, antolatutako jarduera guztiak aurreikusi bezala atera izana”.

Kepa Junkera, Goran Bregovic edota Chambaoz haratago, maila apalagoan izandako musika emanaldiek, kultura adierazpenek, erakusketek, tailerrek, kongresuek, eta abarrek maila gorenera eraman dute Atlantikaldia. “Nabarmentzekoa da, besteak beste, European Maritime Heritage kongresua, itsas ondarearen defentsan lana egiten duten europar elkarteen nazioarteko batzarra, Tosta proiektuaren baitan parte hartu duten lurraldeetako hizkuntza gutxituen arteko mahai-ingurua, edota Euskal Herriko eta estatuko errementarien topaketa Atlantikaldiaren markoan egin izana” aipatu dute antolatzaileek.

Eta partehartzailea. Partehartze aktiboa, gainera. Errenterian izan den edonork ikusi duelako jende asko ibili dela kaleetan zehar. “Partehartzeaz ari garenean, ordea, Atlantikaldian zehar antolatu diren ehun ekimen ingurutan herritar eta bisitari askok parte hartu dutela esan nahi dugu”, adierazi dute.

Hirugarren edizioak, gainera, izan du berezitik. Donostia-San Sebastián2016ren enbaxada ibiltaria izan den Tosta Herrixkaren lehorreratzeak Atlantikaldia kultur ekimen gehiagoz janzteaz gain, Errenteriako Udaleko Kultura Saileko ordezkarien izenean “bestelako presentzia eman dio eta azpimarragarriena, DSS2016ekin elkarlanean aritzea eta bestelako jaialdiak ezagutzea ahalbidetu du”.

Itsasoari begira, etorkizunari begira
Antolatzaileek hirugarren edizioaren aurkezpenean iragarri zuen aurtengoa heldutasunaren edizioa izango zela, “ikuspegia zabaldu nahi genuela eta Errenteria munduko kulturen topaleku bihurtu nahi genuela. Urrats hori eman dugu, eta etorkizunean bidea egiten jarraitzeko asmoa berretsi nahi dugu. Bide-orria buruan daukagu, marraztea eta ibilian aritzea baino ez zaigu falta”, berretsi dute.

Itsasoari begira eskulturaren kokatzea lehen urratsa izan da. Atlantikaldian parte hartu duten errementariek egin duten eskultura hemendik aurrera Zumardian izango da, Errenteriaren eta itsasoaren arteko loturaren lekuko, bien arteko harremana sendotuz eta etorkizuneko edizioen zaindari.

Amaitu aurretik, jakinarazi dute Errenteriako Udala eta Oarsoaldea Garapen Agentzia elkarlanean ari direla jaialdiak herrian izan duen eragina neurtzeko ikerketa batean. Eta datu zehatz horiek publiko egiteko asmoa iragarri du.

Azkenik, Errenteriako Udalak eskerrak eman nahi izan dizkie Atlantikaldiaren egitaraua osatzen lanean aritu diren eragile guztiei, Atlantikaldia posible egin duten babesle eta laguntzaileei, herritarrei eta kanpotik etorri diren bisitariei.