Errenteriako Indoor Triatloia jokatuko da larunbat honetan

Triatlon Indoor2017Urtarrilaren 28an (larunbatean) BeOne Errenteriak antolatuta, “Errenteriako Indoor Triatloia”ren edizio berri bat burutuko da Fanderiako Udal Igerilekuetako instalazioetan, Errenteriako Udaleko Kiroletako Azpisailaren lankidetzan.

Proba 15,30etik aurrera egingo da eta ondorengo jarduerek osatuko dute: igeriketa: 500 metro igerilekuan, ziklismoa: 8 kilometro bizikleta estatikoan eta 3,5 kilometroko lasterketa, Fanderiako bidegorrian barrena doan zirkuitu batean. Parte-hartzaile bakoitzaren denbora guztia kalkulatzeko garaian hiru proben artean egindako atsedenak ere kontuan hartuko dira

Triatloiak hiru modalitate izango ditu: gizonezkoak, emakumezkoak eta ekipoak. Ekipoak hiru kirolarik osatuko dituzte eta proba hiru part-hartzaileen artean banatuko da, ekipoko kide bakoitza diziplina bakar batean arituko baita. Taldeak gizonezkoenak, emakumezkoenak edo mistoak izan daitezke.

Proba hau parte hartu nahi duten guztiei dago irekita. Parte-hartzeko ordaindu beharreko kuota 6 eurokoa da eta ekipo modalitatean parte hartzen dutenek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte (4 euro pertsona bakoitzeko).

Izena-emateko epea irekita dago Fanderiako Udal Igerilekuetako harreran (943.34.44.23) eta Galtzarabordako Udal Kiroldegiko harreran (943.44.96.90).