Ereintza taldeak aurtengo Inauterien balorazioa egin du

Ezohiko bukaerarekin eman dio bukaera Ereintza Dantza Taldeak Inauteriei. Eguraldi txarra dela eta, ez zitzaion ohiko bukaera eman Sardinaren Ehorzketari, eta ez zen ibaira bota. Itsaso zakarrak, Oiartzun ibaian ere olatuak ekarri zituen. Hibaika Arraun Elkarteko lagunek sardina jaso ohi dute ekitaldiaren bukaeran, baina itsasoaren egoerak ez zuen horretarako aukerarik ematen, eta horregatik, sardina udaletxean sartuta eman zitzaien bukaera Inauteriei.

Euria zaparrada bat bestearen atzetik izan genituen atzo arratsaldean, eta azken momentura arte aritu ginen parte-hartzaile guztiak erabakia hartzen. Errenteriako Musika Bandak, istrumentuentzat arriskutsua zelako, ezin izan zuen atera.

Ibilbidean zehar euria lagun izan genuen eta ibilbidea eta Herriko Enparantzako ekitaldia ohi baino laburragoak egin genituen. Bestetik, txalogarria izan zen parte-hartzaile guztien prestutasuna eta euriari aurre eginez desfilea ikustera etorritako herritar kopuru handia.

Datorren urtean, ea azken urtetako bolada bukatu eta eguraldia lagun dugun, eta horrela mimoz eta ilusio guztiarekin prestatzen dugun ekitaldia bere horretan egin daitekeen.

Inauterien balorazioa

Inauteriak bukatuta, balorazioa oso positiboa egiten dugu Ereintza Dantza Taldetik. Azeri Dantzaren goranzko joera nabarmena da; herritarren parte-hartzea handituz doa urtez urte, eta ikusle kopurua ikusgarria da. Sardinaren ehorzketan eguraldia txarra izan da ere, jende askok jarraitu zuen sardinaren ibilia.

Bestetik, larunbatean, Ereintzako neska-mutilek Uztaritzen, Hartzaro jaialdian, Azeri Dantza eskaini zuen. Oso pozik itzuli ginen bertatik, jendetza izan zen ekitaldian, eta barre ugari egin zuten bertaratutakoek eta txalo zaparrada batekin agurtu gintuzten. Gainera, gure herriko ohitura ikusleekin eta beste talde parte-hartzaileekin partekatzea aberasgarria izan zen oso.