“Errenterian 11 Kolore” maiatzaren 19an ospatuko da aurten

Datorren maiatzaren 19an, ostirala, Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko da bigarren aldiz. Hori dela-eta Errenterian arratsaldeko 18:00etan Zumarditik Kultur aniztasunaren aldeko erritmoz beteriko martxa koloretsua abiatuko da Koldo Mitxelena ikastetxeko (Biteri) patiora. Izan ere, kultur aniztasunak aberastu egiten du, eta horren erakusle argia da gure herria, egun 80 jatorri baina gehiagotako jendea biltzen baitu.

Prestaketa eta ekintza ugari

Behin martxa Koldo Mitxelenako patiora iristean, denon artean “11 Pausu” abestia dantzatuko dugu. KUKAI dantza konpainiak egindako koreografia erraz eta dibertigarri hori ikasteko bideo hau prestatu da.

Aldi berean, entseguak izango dira hori prestatzeko maiatzaren 17an (asteazkena) C. Gamon LHko patioan eta 18an (osteguna) Koldo Mitxelena (Biteri) ikastetxean arratsaldeko 17:00etatik 18:00etara, nahiz norberak bere kabuz bideoaren bidez.

Aurreko urtean izandako arrakasta kontuan izanik, aurten ere aukera izango dugu asteburuan zehar herriko hainbat tabernek 5 kontinenteetako herrialderen batean oinarrituriko pintxoak edota edariak salgai izango baitituzte euren egunerokoekin batera.

Atanbora erritmoa Oreka TX-ek sortua ikastea gomendatzen da, izan ere, martxan zehar nahiz koreografia dantzatuko den unean Musika Eskolarekin batera abestu edo/eta jotzeko. Horretarako, hona hemen abestiaren letra: Atanbora2017

Arratsaldean, martxa abiatu aurretik, ipuin-kontalaria izango dugu Zumardiko kioskoan Afrikako nahiz euskal ipuinak irakurtzen 17:15etan, eta egunari amaiera emateko, Capoeira tailer irekia izango da KM-ko patioan.

11 kolore ekimenean parte hartzeko behar duzun material guztiaren bilduma daukazu hemen:

Animatu zaitez parte hartzera; hurbildu zaitez entseguetara eta zatoz gurekin Kultur Aniztasunaren Nazioarteko Eguna ospatzera.