Mugikortasun jasangarria, denon ardura

Ikasturtean zehar mugikortasun gaia alor ezberdinetatik landu dute Eskolako Agenda 21 proiektuan parte hartzen ari diren 3.500 ikasleek. Adinaren arabera, alor batean edo bestean zentratu dira. Hauek izan dira landutako hainbat gai: garraio mota desberdinak eta beraien arteko desberdintasunak, eskolara nola joaten diren, bizikleta eta bidegorri sarea, eskola inguruko bideen egoera, ibilgailu elektrikoen onurak kutsadurari dagokionean eta hiritarren ohiturak iritziak inkesten bidez.

Agenda21 2017

Hauek eta beste hainbat kontzepturen inguruan hausnarketa egiten ibili dira aurtengoan Errenteriako neska-mutilak.

Errenteriako 7 ikastetxe horien (Bizarain LH, Bizarain DBH, Cristobal Gamon, Don Bosco, Koldo Mitxelana, San Jose Gurutzeko Alabak eta Telleri-Alde), lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta heziketa zikloak, Eskolako Agenda 21 programaren bidez, eskola eta hiria jasangarritasunerantz bideratzen saiatzen ari dira. Helburua, eskola-komunitatea ingurugiroaren aldeko kontzientzia eta ohitura desberdinak bereganatzea da, hiritar bezala partehartzea bultzatuz.

Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan partehartzea denez ardatz nagusienetako bat, maiatzaren 9an zer ikasi duten, zein ondorio atera dituzten eta horietan oinarritutako hainbat proposamen bateratu dituzte zazpi ikastetxeetako ikasle ordezkariak Niesseneko aretoan burututako Eskolen Arteko Foroan.

Bertan bateratutako guztiarekin txosten bat prestatu dute eta maiatzaren 30an, udaletxean alkatearekin hitzordua izan dute. Udal Entzunaldian, mugikortasun jasangarriaren inguruan egindako lana aurkeztu eta beraiek hartutako konpromisoak azaldu dizkiete Julen Mendoza alkateari eta bertan zeuden zinegotziei: ahal denean oinez edo bizikletaz ibili, garraio publikoa gehiagotan ibili, kalean errespetuz jokatu, kotxea partekatzea…
Eskoletan ere hainbat konpromiso hartu dira, adibidez, eskolara oinez joateko proiektua aztertzea edo bizikletentzako aparkalekuak jartzea.

Era berean, hirian ikusitako gabeziak asetzeko udal ordezkariei proposamen ugari luzatu dizkiete. Hona hemen horietako batzuk: eskolara doazen hainbat bideetan semaforoak edo zebra-bideak jartzea, espaloiak zabaltzea, autoak mantsotzeko neurriak jartzea, eskolako sarrera/irteeretan udaltzaina egotea, segurtasuna handitzeko hainbat lekuetan argiztapena egokia jartzea, bidegorri sarea zabaldu eta dagoena konpondu eta ibilgailu elektrikoak herrian sustatu.