Herriko ikastetxeetan landutako ‘Periferiak’ erakusketa gaurtik ikusgai izango da

periferiakGaurtik ekainaren 30era bitarte Niessengo Merkatal Gunean Errenterian 11 Kolore nazioarteko kultur aniztasunaren egunaren harira herriko DBHko hainbat ikaslek egindako Periferiak erakusketa izango da ikusgai.

Bertan, Cristobal Gamoneko, Orereta ikastolako eta Bizarain zentroetako gazteek landu dituzten mural koloretsuak izango dira. Hain zuzen, Ricardo Cavolo marrazkilariaren Periferias liburutik ateratako irudiak oinarri hartuta, irudi horiek landu eta informazioak bilatu dituzte muralak osatzeko.

Lanaren helburua izan da munduko txoko desberdinetan dauden talde etniko edo sozial anitzetara hurbiltzea, horien inguruko ezagutza informazio bilketa bidez zabaltzeko. Eta, ondorioz, “bestea” edota alteritatearen inguruko hausnarketa modu artistikoaren bidez lantzea.