Ekainak 28, pertsona LGTBI+ eskubideen nazioarteko eguna. Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala

Berdintasuna 2017-06-27 | 0

LGTBI+1969ko ekainaren 28an Stonewallen (New York) izandako istiluek inflexio-puntu bat markatu zuen LGTBI kolektiboarentzat. Gaur, nahiz eta gizarte-kontzientzia gero eta handiagoa den, datuek berresten dute gorroto-diskurtsoen icebergaren tontorrean sexu-orientazioaren eta identitatearen, edota genero-adierazpenaren ondorioz diskriminazioa dagoela.

Ukaezina da borrokan urteak eman eta gero LGTBI kolektiboa gero eta ikusgaiagoa dela. Gaur, neskak eta mutilak diren moduan (elkarrekin) bizitzetik hurbilago daude, genero-eskemek estutzen jarraitzen dute, baina itotzearen sentsazioa gero eta txikiagoa da jada. Entzuteaz gain, neska eta mutil hauei aditzen diegu: beren kabuz dihardute publikoki. Lesbiana gazteek, gay-ek, trans pertsonek, bisexualek… erabaki dute beren sexualitatea askatasunean bizitzea: mobilizatu egiten dira eta harrotasunez gozatzen dute, drama barik.

Gure herrian eta inguruko beste herrialde batzuetan ere LGTBI+ eskubideetan eman diren aurrerapausoei so egiten diegunean, besteak beste, sexu berdina duten pertsonen arteko ezkontzen legeztatzea, adoptatzeko eskubidea, edo Iruñea zein Gasteizen prestatzen ari diren homofobiaren kontrako legeak nabarmenduko genituzke.

Baina urteotan ere, LGTBI+ kolektiboen eskubide horiek eskuratu diren lurraldeetan, jendarte parekide batean bizi gareneko uste ustela sortu da, eta ondorioz, asko dira LGTBI+ eskubideak eskuratzearen aldeko borroka alboratzen dutenak, egin beharrekoak, eginak daudelakoan.

Eta zoritxarrez, kolektibo honek pairatzen duen diskriminazioaz hitz egiten jarraitu behar dugu; adibidez, Txetxenian, non kontzentrazio-esparruetan “garbiketa prebentiborako lanak” gauzatzen baitira; bestalde, aipatu behar da hamaika herrialdetan LGTBI izatea heriotzarekin zigortzen dela, eta beste hainbatetan kartzelarekin (biziarteko kartzela-zigorra, isunak, lan nekagarriak eta deportazioak). Gertuago eta egungoago ditugu bestelako gertaerak (lesbianismoa ikusgai egiteak ekarri zuen kafetegi batetik kanporatzea, edo neska pare batek jasandako erasoa).

Gainera, deitoratu egiten dugu oraindik OME (Osasunaren Mundu Erakundea) eta AMPA (American Phsycriatic Asociation) erakundeen psikiatria-arazoen gidaliburuetan transexualitatea agertzea, nahiz eta horretarako zientzia-arrazoiketarik ez egon, horrek trans gizon eta emakumeen bizitza erruz oztopatzen duelako.

Eta hau guztia ez da bakarrik LGTBI kolektiboari dagokion zerbait, euskal gizarte osoari dagokion zerbait baizik. Horregatik diogu, LGTBI+ eskubideak, gainerako borroka emantzipatorioekin batera eman behar direla, justizia soziala, askatasun zibilak, herrien burujabetza, feminismoa, internazionalismoa, ekologismoaren borrokekin batera.

Ez baita berdina pertsona homosexual, lesbiana, transexual edo bisexual batek bizi duen egoera, jasan ditzakeen eraso zein bazterkeriak, bere jatorria, bizi lekua, adina edota egoera ekonomikoaren segun eta zein den.

Ekainak 28ko egun honetan, argi dugu borroka bizirik mantentzen dela, arrazoiak soberan daudela lesbiana, homosexual, transexual zein bisexualen herritar eskubideak aldarrikatzen jarraitzeko, gure herri zein kaleetan, ikastetxeetan, familia zein lagunartean, lantokietan, publizitatean eta aisialdian.
Eta aniztasun afektibo sexualaren borroka, guztiona eta egunerokoa dela ulertzen dugunez, honako ekimenak burutzeko proposamena luzatzen dugu.

1. Errenteriako Udalak onartzen du herriko pertsona eta borroka LGTBI+ delakoaren memoria historikoa berreskuratzeko lana burutuko duela.

2. Errenteriako Udalak errekeritzen dio Eusko Jaurlaritzari Transexualen legea zuzentzeko, errebisioari eutsi diezaiola, LGTBI+ taldeekin elkarlanean.

3.- Errenteriako Udalak dei egiten dio gure gizarteari kolektibo hauek deitzen dituzten kontzentrazioetan modu aktiboan parte har dezan.

ez dago iruzkinik oraindik.

Utzi erantzuna