Madalenak direla-eta jai parekideen aldeko eta eraso sexisten kontrako kanpaina martxan jarri du Udalak

Jai parekideak kartelaOarsoaldeko udalek sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian Udalak, udan jai parekideak eta eraso sexisten, homofoboen, xenofoboen eta transfoboen aurka jardutekoak izan ditzagun.

Madalenetan jende ugari biltzen da, eta ospakizunetarako eta ondo pasatzeko gogoa izaten da. Emakume eta gizonak kalera ateratzen dira, eta gizarte-arauak malgutu egiten dira. Horrenbestez, Errenteriako Udalak aldarrikatu nahi du benetan garrantzizkoa dela nabarmentzea elkar errespetatu behar dugula eta elkarbizitzaren aldeko jokabideak behar ditugula.

Emakume izate hutsagatik egoera gogorrak bizi izaten ditugu, izan ere, enbarazu egiten digute, indarrez hartzen gaituzte, inguratu egiten gaituzte edo eraso egiten digute. Taberna, txosna eta elkarte gastronomikoetan ospatzen dira festak; horregatik dira toki horiek sentsibilizatzekoak, elkarren arteko errespetua eta tratu ona bermatze aldera.

Abian jarritako kanpaina honen helburuak hauek dira: batetik, errespetuzko jarrerak aldarrikatzea, guztion gozamenerako jaiak izan daitezen, inolako eraso sexista, homofobo, xenofobo eta transfoborik gabe; eta bestetik, tabernetan, txosnetan eta elkarte gastronomikoetan erasoen aurkako informazioa izatea, nola jokatu behar duten jakiteko. Horretarako, materiala sortu dute, eta helarazi egingo diete:

– Jai parekideen aldeko kartela, “Festetan beldurrak gurekin jai” leloarekin.

– Eraso sexisten aurrean jarduteko protokoloa.

– “Eraso bat ikusi, entzun edo jasaten baduzu, ERANTZUN!!” Pegatina. Animatu egingo dituzte pegatina hau emakumeen komunean jartzera, edo taberna, txosna edo elkarteko arduradunentzat ikusgai dagoen toki batean jartzera.

Eraso egoera baten aurrean herritarrak udaltzainekin harremanetan jartzera gonbidatzen dituzte, haiek ere kanpaina honetan partaide baitira, eta arlo honetako gertakizunetan nola jokatu bai baitakite.

Gizarte zerbitzuek, Berdintasunerako azpisailak eta Udaltzaingoak elkarlanean aritzen dira, hartara, ahalik eta erantzunik egokiena eta azkarrena emango dute, egoeraren premien arabera. Udaltzaingoa, halaber, Ertzaintzarekin batera aritzen da elkarlanean.