Kultur lehorreratze itzela dakar Atlantikaldiaren laugarren edizioak

Atlantikaldia_prentsaurrekoa

Julen Mendozak, Errenteriako alkateak, Laura Landak, Atlantikaldiako jaialdiko zuzendariak, Mari Jose Telleriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta David Pisabarrok, Ghost Number & His Tipsy Gypsies musika taldeko ordezkariak, Atlantikaldia 2017 jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo goizean Donostiako Untzi Museoan. Programazioa 70 ekintza baino gehiagorekin osatu dute, udalerria lau egunez Itsas Topaleku bilakatuz.

Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia, irailaren 21etik 24ra ospatuko da. Lehenengo bi edizioetan Errenteriaren itsas-izaera barneratzea lortu zuen jaialdiak. Iazko hirugarren edizioa, Atlantikotik haratago, mundura zabaldu zen, beste itsaso eta itsas herriekin harremanak bideratuz eta Errenteriaren izaera aberastuz.

2017ko laugarren edizio honetan, zabalpen bide honekin jarraituko du Atlantikaldiak, orain arte egindako ibilbidea baliatuz, Itsas Topaleku bilakatzeko. Kontzeptu hau bi zutabetan oinarrituko da: kultur topagunea eta musika jaialdia. Kultur topagune den aldetik, kulturen arteko elkartrukeak ahalbidetuko ditu herriko zein kanpoko eragileen arteko elkarlana bultzatuz. Musika jaialdia ere izango da, baina ez edonolakoa: kanpotik etorritako eta bertako artisten arteko elkarnetik sortutako kontzertu berezi eta bakarrak eskainiko baitira.
Itsas topaleku

Atlantikaldiak, itsasontzi handi bat bailitzan, lau eguneko kultur lehorreratzea irudikatuko du. Lau egunez, Errenteria kolorez eta doinuz beteko da, garai bateko itsas portuetan bezala etorrera bakoitzarekin herria goitik behera eraldatuz.

“Jaialdiak nortasun berezia izango duten guneak sortuko ditu, modu berezian apaindutako Itsas Topalekuak irudikatuz. Topaleku hauen bitartez, herriko hainbat espazio eraldatuko da, aurreiritzirik gabeko guneak bihurtzeko helburuarekin. Gune hauek berriak izango dira herritar zein bisitarien begietan. Horrela, topalekuek, Atlantikaldia ikuspegi zabalarekin gozatzea ahalbidetuko dute”, azaldu zuen Mendozak.
Atzo aurkeztu zen programazioa bat dator Julen Mendoza alkateak emandako azalpenekin. Gainera, oinarrian dagoen filosofiari eutsiz, herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraituko du Atlantikaldiak. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren partehartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu du aurtengo kultur programazioa.
Hala osatu da 70 kultur emanaldi baino gehiago jasotzen dituen egitaraua: “disziplina, jatorri, publiko edota kultura aniztasuna islatu nahi izan dugu: musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz dutenak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, azokak…”, esan du alkateak.
Gune bereziak

Atlantikaldia_mapaOiartzun ibaiaren inguruan gertatuko da jaialdia, Itsas Topaleku kontzeptupean sortutako hainbat gune berezietan. “Bakoitzak bere nortasun propioa izango du, gai ezberdinak jorratuko dira eta publiko ezberdinei zuzenduta egongo dira”, adierazi zuen Laura Landak.

Hainbat adibide jarri zuen hori azaltzeko jaialdiaren zuzendariak: “Zumardian kokatuko den Herrixka familientzako gunea izango da. Herriko plaza, jaialdiaren Plaza ere izango da, topagune nagusia. Foru plaza Portu Azoka bilakatuko dugu. Artisau Kaia eta Teknologia kaiak izango dira Xabier Olaskoaga plazan eta Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean, hurrenez hurren”.

Jarduera guztiak pertsona orok gozatu baditzake ere, aurtengoan gazteei zuzendutako topaleku berezia izango da Errenterian. “Keinu berezia egin nahi izan diegu gazteei, Atlantikaldian lekua badutela esan nahi diegu eta horretarako, Panier orubea, Kale Kaia gune izendatu dugu hainbat eta hainbat ekintza izango dira bertan: graffiti tailerra, tattoo eta henna erakustaldia, skate, parkour edo slackline bezalako kale-kirolak, Sound System-a, DJ-ak…”.

Berrikuntza moduan, Atseden Irla ere izango dela azaldu zuen Landak: “ekintza eta ekintza artean, zer jan eta edan aurkituko dute bertaratzen direnek”.
Itsasargi nagusia

Ohikoa denez, Lehendakari Agirre plazan kokatuko da agertoki nagusia. Bertan, musika eta dantzaz gozatu ahalko du bertaratzen denak, izan ere, oholtza gainean izango baitira, Kukai Dantza, Alpha Blondy eta Amparanoia bezalako izen handiak.

Gainera, jaialdiaren izpirituari jarraiki, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak, elkarlanean jarriko dira kolaborazio eta egonaldien bidez. “Oholtza gainean elkarbizitzen ikusi ahalko ditugu AEB, Irlanda, Ingalaterra eta Madrildik datorren Track Dogs taldea, Xafol K eta Sagari Ur klake taldeekin. Amparanoiak Xabi Solano, Pini eta Sorkunekin elkarbanatuko du eszena eta The ShougaShack Frantziako taldeak Ghost Number & His Tipsy Gypsies talde donostiarrarekin Niessen Kulturgunean egingo duen egonaldiaren fruitua eramango du Lehendakari Agirre plazara”.