‘Ele! Lorca-Lauaxeta’ ikuskizuna eskainiko dute asteazkenean errekonozimendu eta erreparazioa helburu dituen ikerketa egitasmo berri baten baitan

lauaxeta_lorca kartelaErrenteriako Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera, abian jarriko du Guda Zibilak eta lehen frankismoak gure herrian utzi zituen biktimen oroimen historikoa ikertzeko proiektua.

Errekonozimendu eta Erreparazioa helburu dituen ikerketa egitasmo berri honi hasiera emateko irailaren 13a aukeratu da (data sinbolikoa da hori, tropa frankistak orduan sartu baitziren Errenterian). Egun horretan Ele! Lorca-Lauaxeta ikuskizuna eskainiko da Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Sarrera doakoa da eta txartelak Niessen Kulturgunean bertan jaso ahal izango dira bulego ordutegian (astelehenetan 17:00-20:00 eta astearte-asteazkenetan 10:00-13:00 eta 17:00-20:00) agortu arte.

 

Antzerkia: ‘ELE! LORCA-LAUAXETA’

Noiz: irailak 13 (asteazkena)

Ordua: 19:00

Non: Niessen Kulturgunea

Hizkuntza: euskara eta gaztelania (testua bi olerkarien jatorrizko lanean oinarritzen da).

2016an Federico Garcia Lorcaren hilketaren 80. urteurrena bete zen. Urtebeteko aldearekin, 1937an fusilatu zuten Esteban Urkiaga Lauaxeta euskal poeta. Gerrak errotik eten zuen Arrats beran poema-liburuak biltzen zuen lotura artistiko eta kulturala.

Lorca eta Lauxeta, Lauaxeta eta Lorca, bi idazle, poeta ikonikoak, zein bere kulturan. Bi pertsona horiek modu berean harrapatu zituen heriotzak, urtebeteko aldearekin fusilatu zituzten biak Francoren diktaduraren hasieran. Biak hil ziren gazte, askatasunaren aldeko borrokan.

Bat poeta errepublikanoa izan zen, Andaluzian jaioa; bestea berriz, euskal lurrean jaiotako poeta abertzalea. Urruneko bi mutur diruditen arren, oso jende gutxik daki euren bizitzek bat egin zutela uneren batean.

Bi poeten obra ardatz hartuta, obra honetan hitzak, musika, irudiak eta antzerkia erabiltzen dira erakusteko hain urruneko diruditen herri eta kulturek bat egin dezaketela gizakiaren funtsezko balioetan, uneren batean aurrez aurre egonda ere.

Esan bezala antzerki hau egitasmo orokor baten baitan kokatzen da. Hain zuzen ere, urte haietan gertatu zena jakitea eta jakitera ematea helburu duen proiektua. Lan honen bitartez, gertatu zena eta gerraren eta ondorengo errepresio frankistaren gorabeherak ezagutzeaz gain gertaera haiek jasan zituzten pertsonak gogoan izan eta hauei erreparazioa eskaini nahi zaie.

Errenterian oroimen historikoa berreskuratzeko proiektuak jarduera gehiago izango ditu urrian eta azaroan, horien artean hitzaldiak eta erakusketa bat, eta Memoriaren Bulegoa ere inplantatuko da gure historiako etapa horren testigantzak jasotzeko.