Adostasun zabalarekin onartu dute osoko bilkuran 2018rako Ordenantza Fiskalak aldatzeko proposamena

Udal gobernu taldeko ordezkariek proposamena aurkezteko egin zuten agerraldia.

EH Bildu, Irabaziz eta PSE-EEren arteko akordioari esker 2018rako ordenantza fiskalen aldaketa onartu dute osoko bilkuran. Aldeko 18 boto eta kontrako 3rekin, gobernu taldeak aurkeztutako proposamenaren inguruan lortutako adostasuna adierazten du horrek, udaletik jakinarazi dutenez. Jendartearen egoera sozio-ekonomikoaren eta kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzearen arteko oreka bilatzea gakoa izan dira akordioa erdiesteko. Giltzarria izan da, halaber, zerbitzuek kostu bat dutela jakin, eta kostu hori bere gain hartzeko erantzukizuna edukitzea, kostuen eta sarreren artean gehiegizko zuloa ireki gabe.

Akordioa lortzeko, garrantzitsuenetarikoak diren bi tasa eta zerga izoztea adostu dute, hau da, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (eraikuntzen balio-galtzeagatik, izatekotan, 66.000 euroko gutxiagoko sarrerak ekarriko dituena), eta hondakinak biltzeko zerbitzuaren tasa, aurreko urteko hobariei eutsiz, 2011n ordaintzen zenaren azpitik mantenduko baita. Era berean, etxez etxeko laguntza zerbitzuaren tasa izoztu dute, eta ibilgailu elektriko eta hibridoentzako hobariak %25etik %50era igotzeaz gain, egoiliarrentzako TAOko urteko tarifa %20 murriztuko dute.

Tasak eta zergak batez beste %0,13 besterik ez dira igoko

Egitatea da azkeneko urteetako ordenantza fiskalen izozteak ekarri duela udal diru sarreren gutxitzea. Hartara, modu horretan egindako diru-bilketa diru-sarreren % 44’7 izatetik %40’2 izatera pasatu da; kontuan hartu behar da Gipuzkoako batez bestekoa %47koa dela. Beraz, udalak diru-sarrerak lortzeko ahalmena % 4,5 jaitsi du. Hala ere, zerbitzuen kosteak nabarmen igo dira.
Uraren tasa hiru urtez bere horretan mantendu bada ere, Añarbeko Urak ezarritako igoerek zerbitzuaren prezioa % 6’78 igo dute.
Hondakinen zerbitzuan ere ordaintzeko ahalmena galdu du udalak; lehen zerbitzuaren %56 ordaintzen zen tasen bidez; orain, berriz, %52. Datu honek iazko igoerak ere hartzen ditu bere baitan, hau da Hondakinen Konsortzioak ezarritako prezioak behartutako igoerak aintzat hartu dituzte.
Gogoratu beharrekoa da ordenantza fiskalak direla kalitatezko zerbitzuak eman ahal izateko eta birbanaketaren bidez jendarte justuagoa eta kohesionatuagoa lortzeko Udalak dituen tresnak. Edozein modutan, eta kontuan harturik onartutako proposamenak zergetan eta tasetan duen eragin eskasa, esan daiteke batez besteko igoera % 0’13koa dela, beti ere, oraingo zergen guztizko sarrerak erreferentziatzat hartuta. Pozez hartu du udal gobernuak “talderen batek errealitatera biltzeko egin duen ahalegina”.