Familia Guneak indartsu hasi du bere ibilbidea

Talde motoreko kideetako batzuk Familia Gunean.

Familia Guneak joan den astean ireki zituen ateak, eta indartsu hasi du ibilbidea, 97 familiak eman baitute izena proiektuan parte hartzeko. 0-6 urte bitarteko haurrekin aisialdiaz gozatzeko espazio berria da Familia Gunea, eta Merkatuzarren kokatuta dago, Jose Luis Caso aretoan. Txandaka antolatuta, txanda bakoitzean gehienez 18 familiak dute tokia. Antolaketa modu horrekin, izena emandako guztiek dute esperientzia berri honetan parte hartzeko aukera.

Proiektuak izan duen harrerarekin pozik agertu da Itziar Ostolaza Gazteria eta Hezkuntza zinegotzia. Neurri batean horrelako eskaintza baten beharra zegoela ere azalerazi du, bere ustez. Aurtengo ikasturtea esperimentatzeko ikasturtea izango dela dio, “proiektu berria da, familia asko daude, eta beraiekin batera bidea egitea da gure nahia eta asmoa. Oso garrantzitsua da beraien parte hartzea eta ekarpenak egitea, zerbitzua hobetze aldera”.

Izena eman duten familia guztiei tokia egite aldera, hasieran proposatutako egutegi eta ordutegian aldaketa batzuk egin dituzte, eta honela geratu da ordutegia:

Asteazkenak: 10:00-12:30 / Astelehenak, astearteak, asteazkenak eta ostiralak: 16:30-19:00

Txanda bakoitzean 18 familiak dute tokia. Hala ere, 18ko kopuru horretara iristen ez diren txandetan, lekua dagoen bitartean, beste txanda bateko familiek ere izango dute joateko aukera, aforoa bete arte. Eta beti ere, txanda bakoitzean izena emana dutenek izango dute lehentasuna.

Ikasturte honetako izen-ematea itxita dago jada, baina, interesatuta dauden familiak Gazte Informazio bulegora hurbiltzera animatu nahi ditu Ostolazak, izan ere, “datorren ikasturtera begira zenbat familia izango genituzkeen jakitea garrantzitsua da guretzat, proiektua beharretara moldatu ahal izateko”.

Lantalde handi baten lana

Familia Gunea aurkeztu zutenean adierazi bezala, proiektu hau udalak eta guraso talde batek egindako lanaren emaitza da. Motore lana egiten aritu den guraso taldeko kide dira Leiren Monfort, Edurne Sanchez eta Laura Garcia. Aspaldian ari ziren horrelako espazio bat aldarrikatzen, eta hain zuzen, aurreko ikasturtean jada Familia Gunea kokatu duten espazio hori erabili eta kudeatzen aritu ziren udalarekin adostuta; nahiz orduan ez zegoen orain bezala antolatua eta egokitua. “Astearte eta ostegunetan elkartzen ginen, eta saio bakoitzaren bukaeran dena jasota uzten genuen aretoak beste erabilera batzuk zituelako”. Guraso talde bat bildu, eta elkarte gisa antolatuta aritu izan dira, eta hasieran gutxi ziren arren, taldea asko handitu dela adierazi dute, 20tik gora familia izatera iritsiz: “esperientzia polita izan da, deskubrimendu handia izan da ikustea jendea elkarri laguntzen, gurasoak, aiton-amonak….komunidade gisa jardun dugu, eta polita da sentitzea beti jendea dagoela laguntzeko”.

Behin Familia Gunea martxan jarrita horrela diote: “etapa berri bat hasi da, ikusi behar dugu zertan bihurtzen den. Momentuz espazio bat da, eta orain, bete egin behar da”. Itxaropentsu daude, hala ere, “lantalde handi baten lana izan da, ez gutxi batzuena. Proiektu handi baten hasiera izatea espero dugu”.