Eskola publikoan matrikulatzeko kanpaina aurkeztu dute

Hezkuntza 2018-01-24 | 0

Amaia Etxebeste, Belen Ugalde, Andoni Osoro eta Garazi Lopez de Etxezarreta aurkezpenean.

Herriko hiru ikastetxe publikoetako arduradunek 2018-2019 ikasturteko matrikulazio kanpaina aurkeztu dute udaleko Hezkuntza zinegotziarekin batera. Urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra izango da ikasle berriak matrikulatzeko epea herriko ikastetxe guztietan. Errenterian jaiotako haurrek ikasketak herrian bertan egiteak duen garrantzia nabarmendu du Garazi Lopez de Etxezarreta Hezkuntza zinegotziak. Eskola publikoen eskaintza anitza eta kalitatezkoa dela ere adierazi du eta udalaren asmoa horri ikusgaitasuna ematea dela erantsi. Haurrak eskola publikoan eta euskarazko ereduan matrikulatzera animatu du zinegotziak.

Herriko hiru ikastetxe publikoek, hau da, Bizarain Ikastolak, Cristobal Gamon Ikastetxeak eta Koldo Mitxelena Herri Ikastetxeak, euren eskaintzaren berri eman dute. Amaia Etxebeste Koldo Mitxelenako zuzendariak eskola publikoaren eskaintza ona, kalitatezkoa eta anitza dela esan du. Belen Ugaldek, Bizaraingo zuzendariak, eskola publikoak baliabide asko dituztela nabarmendu du, eta hori garrantzitsua dela. Eskola publikoaren kalitatea ere aipatu du, eta herritarrak horren jakitun direla uste du, iaz eskainitako plaza guztiak bete baitziren. Ikastetxe publikoetan 162 plaza dira guztira, ikastetxe bakoitzean 54na. Andoni Osorok, Gamoneko zuzendariak, hiru eskola publikoak bisitatzeko deia egin die gurasoei. Eskola publikoak aniztasunaren erakusle nagusia direla azpimarratu du, gizarteko estratu sozial guztiak biltzen dituztela itunpekoek ez bezala.

Ikasle berrien matrikulazio kanpaina 2015 eta 2016 urteetan jaio diren haurrei zuzenduta dago. Aurreko urteetan egin bezala, aurten ere eskutitza bidali die udalak urte horietan jaio, eta Errenterian erroldatuta dauden 677 haurren gurasoei, herriko hezkuntza eskaintza ezagutarazteko, seme-alabak herriko ikastetxeetan matrikulatzera eta euskarazko irakaskuntza ematera gonbidatzeko.

Beren hezkuntza eskaintza ezagutarazteko ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte eskola publikoek, eta aste honetan zehar ari dira egiten:

  • Bizarain Ikastola: ate irekien jardunaldia, ostegunean, 25ean egingo da, 17:00etatik aurrera, Bizarain Txiki eraikinean.
  • Cristobal Gamon: ate irekiak egingo dituzte gaur, 24an, eta bihar, 25ean, 16:30ean.
  • Koldo Mitxelena Herri Ikastetxea: ate irekiak 25ean egingo dira, 16:45ean, Markola eta Olibet eraikinetan, eta 26an ordu berean Biteri eraikinean.

Itunpeko ikastetxeak ere kanpainan

Itunpeko ikastetxeak ere matrikulazio kanpaina egiten ari dira. Telleri-Alde ikastetxea, Egiluze Hijas de la Cruz eta Orereta Ikastola dira itunpekoak.  Orereta Ikastolak, hain zuzen, gaur eta bihar egingo ditu ate irekien saioak bere proiektu pedagogikoa ezagutu eta zalantzak partekatzeko. Euskarazkoa gaur izango da, urtarrilaren 24an, 18:00etan Santa Clarako (Lino) Ikastolaren egoitzan. Eta gaztelaniaz, bihar, urtarrilaren 25ean, ordu eta toki berean. Bizitzen ikasi, ikasi bizitzen leloa aukeratu du aurtengo matrikulazio kanpainarako Orereta Ikastolak.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna