Umeentzat kirol eskaintza handia egongo da uda honetan

Errenteriako Udalak, aurreko urteetan bezala, diruz lagundutako hainbat jarduera prestatu ditu, UDA’2018 kanpainaren barruan, 3 urtetik gorako haurrentzat.

UDA Kanpaina sustatzean helburuetako bat da eskolaumeei hastapen eta perfekzionatze ikastaro batzuk ematea, kirol jarduerak praktika ditzaten eta ikasturtean zehar egindako jardueren osagarri izan daitezen. UDA Kanpainak oso harrera ona du, eta udaldiaren hasierarako balio erantsia izan daiteke, batez ere eskolaumeentzat, egun gutxi barru aisialdia askoz ere zabalagoa izango baitute oporrak direla eta.

Eskola egutegia dela eta kanpainako lehenengo txanda ekainaren 25ean (astelehena) hasiko da.

Fanderian hainbat ikastaro antolatu dira: igeriketa, padela, tenisa, eta zumba.

Galtzarabordan, hainbat ikastarotan izena emateko aukera dago: igeriketa, patinajea eta gazte fiz (fitness jarduerak 12-14 urteko gazteentzat).

Halaber, instalazioetako harreretan ere izena eman ahal izango da Zurriola Surf Eskolak Zurriola hondartzan antolatutako surf-ikastaroetarako.

Izena emateko epea maiatzaren 2an hasiko da eta plazak izen-ematearen hurrenkeraren arabera adjudikatuko dira.

Igeriketa ikastaroetan parte hartzeko derrigorrezkoa da proba bat egitea, maila zehaztu ahal izateko. Proba hori udal instalazioetako edozeinetan egin daiteke.

Era berean, bi harreretan informazioa eskuratu ahal izango da eskualdeko gainerako udaletxeetan kanpaina honetarako antolatutako kirol jardueren inguruan, baita Oarsoaldeako eskaintza bateratuaren inguruan ere. Eskaintza bateratu hori honakoek osatzen dute: piraguismoa (San Pedroko Kalparratik eta Pasai Donibanetik irteerak egongo dira), arrauna, bela, BTTa, Lineako Patinak eta Paddle Board.

Informazio gehiago nahi izanez gero eta kanpainaren arautegi osoa ikusteko, Fanderiako Igerilekuetako harrerara (943-34.44.23) edo Galtzarabordako Kiroldegiko Harrerara joan daiteke (943-44.96.90), edo http://kirolak.errenteria.eus/eu/html/ web orria ikusi.

UDA 2018 eskuorria