“Egin zaidazu bisita” abestiaren estreinaldia eta Xabier Saldias Txistulari kontzertuaren protagonista

Urtero legez, Zumardia lepo bete zen atzo, hilak 20, Txistularien Kontzertu Nagusiaz gozatzeko. Atzokoa, gainera, hitzordu berezia izan zen; izan ere, Elkarbizitzarako Herri Aliantzaren “Egin zaidazu bisita” abestiaren estreinaldia ere izan baitzen.

Xabier Vesgaren zuzendaritzapean, Nerea Olaso eta Nahiara Gago errenteriarrek, 20:00etan, puntuan, ekin zioten emanaldia aurkezteari eta eurekin batera Xabier Saldias, aurtengo gonbidatu bereziak ere bete zuen oholtza. Hala, Saldiasek aski ezagun egindako abesti errepertorioa izan zen nagusi: Lo ez Mexikon, Behin batian Loiolan, Mexiko…

Saldiasek laguntzaile izan zituen Errenteria inguruko txistulariak, EMKEko Metal Boskotea, Zaria Koru Eskola, Ereintza Dantza Taldea eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Doike Musika taldea, Errenteria Musikaleko eta Pasaia Musikaleko lagunak, Oskar Estanga eta Mikel Atxega.

Kontzertuari amaiera emanez “Egin zaidazu bisita” entzun ahal izan zuten bertaratutakoek zuzenean lehendabizikoz eta horretako eszenatokira igo ziren, Camelamos Adiquerar Elkarteko ordezkariak, Concha Rocierakoak, Unidad Africanos Elkartekoak, Casa Galiciakoak, Christ Embassy, Duo Sonakay, Maider Ronkete, Jon Santos, Centro Andaluz Aljarafe , Isawa Band Gnawa Style eta Pilar de Fuego.