Alkateak bisita egin dio larriki gaixo dagoen Aitzol Gogorza presoari

Julen Mendoza (Errenteriako alkatea) eta Bego Atxa (Sare)

Errenteriako alkate Julen Mendozak bisita egin dio goizean Aitzol Gogorzari Basauriko kartzelan, martxoko Udalbatzak aho batez onartu ondoren larriki gaixo dauden herriko preso Mikel Arrietaren eta Aitzol Gogorzaren askatasun gabetzearen inguruko mozio bat.

Horrela, lehen eskutik jakin du Aitzol zein egoeratan dagoen, bere osasun-egoera kezkagarria dela-eta.

Aitzol Gogorza errenteriarra 1999 urtetik dago preso eta 2013az geroztik Basauriko espetxean dago, hara mugitu baitzuten bere egoera larria dela eta. Izan ere, Gogorzak buruko gaixotasun larri bat dauka eta askotan ospitaleratu behar izan dute espetxeratzean zehar.

Aho batez onartutako mozioa

Aitzol Gogorzaren eta Mikel Arrietaren egoera kritikoa denez eta osasuna oinarrizko eskubide unibertsala denez, martxoko osoko bilkuran aho batez onartu zen mozio bat Errenteriako Udalak bere jarrera azal zezan bi pertsona horien egoeraren inguruan.

Horrelako mozio bat lehen aldiz onartu zen aho batez, alderdi politiko guztien adostasunarekin, eta eskatzen zen nazioarteko estandarrak bete zitzaten eta, oso larri daudenez eta gaitz sendaezinak dituztenez, hirugarren graduko sailkapena eman ziezaieten eta arrazoi humanitarioengatik espetxetik atera zitzaten bi preso horiek.

Alkateak Mikel Arrietari ere bisita egin zion Algecirasen

Aurtengo apirilean Julen Mendoza Algecirasera joan zen Mikel Arrietari kartzelan bisita egitera. Bisita baliatuta, Julen Mendoza alkateak galdetu zion Mikel Arrieta presoari bere osasunaren eta egoera orokorraren berri, Espondilartropia kroniko seronegatiboa baitu. Gaixotasun hori larria, sendaezina eta endekapenekoa da. Bestalde, Mikel Arrietak interes handia azaldu zuen Errenterian bizikidetzaren inguruan ematen ari diren pausoei buruz.