Madalenetan omenduko duten DYA elkarteko ordezkariei harrera egin diete udaletxean

Argazkian: atzean, alkatea eta udal taldeetako bozeramaileak; aurrean, Madalenetan omenduko duten DYA elkartearen ordezkariak

Gaur eguerdian Madalenetan omenduko den DYA elkarteko ordezkariei harrera egin diete udaletxean alkateak eta udalbatza osatzen duten taldeetako ordezkariek.

Aurten, lehen aldiz, herritarrek proposatu eta hautatu dute Madalenetan omenduko den erakundea. Horretarako, lehenik eta behin, herrian erroldatutako edozein pertsonak, udalerriko agente eta elkarteek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek beren kandidatura-proposamenak aurkezteko aukera izan zuten. Ondoren, ausaz hautatutako herritarren batzorde batek azken erabakia hartu zuen eta DYA elkartea aukeratu zuen jai hauetan omendua izateko proposatutako hautagaitzen artean.

Erabakia hartu zuten herritarrek hiru argudio nagusi nabarmendu zituzten aintzatespena erabakitzeko garaian. DYAn egiten den lan boluntarioa izan zen erabakia hartu zutenen artean gailendu zen argudioetako bat, ahaztu gabe gizarte osoari “bereizkeriarik gabe” eman izan dioten arreta. Azkenik, ez zuten ahaztu nahi izan elkartea duela 50 urte ezartzen hasi zela Gipuzkoan, tartean Errenterian.

Urtero egin ohi den bezala, omenduek Madalenei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko ohorea izango dute berriro eta omenaldirako prestatutako ekitaldian oroigarri berezi bat jasoko dute. Gainera, Udalak jaietan antolatutako ekitaldi instituzionaletan leku berezia izango dute gordeta, hala nahi izanez gero.