2027 arteko hizkuntza irizpideak onartuta, Udalean euskaraz jardutera animatu ditu Udalak herritarrak

Udalak onartu berri ditu 2023-2027 epean euskara eta gaztelania erabiltzeko jarraibideak. Arau moduko batzuk dira eta herritar, elkarte eta erakundeekin nola komunikatu eta barruko lana nola egin nahi duen zehazten dute.

Errenteriako Udala prestatuta dago informazio guztia euskaraz emateko. Horregatik, euskaraz dakiten eta ikasten ari diren herritarrak animatu nahi ditu, udaletxera joaten direnean ahoz zein idatziz euskaraz aritzeko. Euskaraz dakiten herritar guztiak informazioa eskatu eta tramiteak egiteko garaian euskaraz aritzea nahi luke Udalak, bai ongi dakitenak, bai ikasten ari direnak.

Izan ere, azkeneko urteotan Udalak aurrerapauso handiak eman ditu euskararen erabilerari dagokionez eta jendaurrean dauden langile guztiak herritarrak euskaraz artatzeko prestatuta daude eta lehenengo hitza euskaraz egiten dute, euskaraz egiteko gonbitea egiteko. Aurrerapauso horiek herritarrei begirako harremanetan ez ezik barruko lanetan aritzen diren langileen arloan ere eman dira eta, ordezkari politikoen kasuan, esan beharra dago inoizko korporaziorik euskaldunena duela Udalak gaur egun. Horrek guztiak eragin handia izan du eguneroko lanean.

Egun herritarren % 25 inguru ahozkoan euskaraz aritzen dira udaletxera inguratzen direnean edo/eta telefonoz deitzen dutenean, baina, idatzizko harremenetan, proportzio hori txikiagoa da, gutxi dira eskaerak euskaraz aurkezten dituztenak. Horren atzean, seguruena, ohitura falta egongo da, edo/eta administrazioarekin euskaraz aritzeko beldurra agian. Nolanahi ere, azkeneko urteotan gero eta jende gehiago hurbiltzen da euskaraz eta Udalak joera hori jarraitzea nahi du eta ZU! Zure Udala zerbitzura, Herri Arte Eskolara, kiroldegira, liburutegira eta abarretara hurbiltzean euskaraz dakienak euskaraz jardutea nahi luke.

Gaur egun testuak errazak dira ulertzen

Udalak 2003an Euskara erabiltzeko lehenengo Plana indarrean jarri zuenetik, hizkuntza jarraibideak eguneratzen joan da eta herritarrei helarazten zaizkien testuekin lan handia egin da. Gaur egun herritarrei ematen zaizkien testuak ondo ulertzen dira: testuak modu errazean erredaktatzen dira, irakurtzeko garaian ulermen arazorik izan ez dadin.

ZU! zerbitzua martxan jarri zenetik, gainera, herritarrei galdetu egiten zaie zein hizkuntzatan jaso nahi dituzten komunikazioak eta, hizkuntza-hautua errespetatuta, saiakera egiten ari da Udala euskaraz edo ele bietan bideratzen.

Euskaraz egiten dizutenean euskaraz erantzutea errazagoa dela jakin badaki Udalak. Hori horrela, eta udal langileak euskaraz aritzen direla kontuan hartuta, herritarrek euskaraz hitz egitea espero du Udalak. Izan ere, hizkuntzen erabileraren normalizazioa norabide bikoitzeko bidea baita. Hala, Udalak dei egiten die herritarrei euskaraz hitz egitera Udalera jotzean, eta hala nahi duenari euskaraz egingo diotela ziurtatu du.