Hasi dira Hondakin Batzordearen auzoetako bilerak

Astelehenean eman dio hasiera Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluko Hondakinen Batzordeak auzoetatik egin asmo dituen bilerei. Iztieta auzoan izan dute lehen bilera eta 25 bat pertsona bildu ziren, emakumeak gehienak.

Saioan zehar, hondakinen inguruan, Errenteriako errealitatea nolakoa den azaldu zuten Hondakinen Batzordeko kideek eta udalerrirako hondakinen bilketa sistema egokiago bat bilatzea ezinbestekoa dela argudiatu zuten. Izan ere, egungo sistema eraginkorra izan ez ezik, errealitateari erantzuten ez diola azpimarratu zuten.

Era berean, argi geratu zen Hondakinen Udal-Ordenantza indarrean badago ere (1997. urteaz geroztik), bere ezarpena ez dela behar bezala betetzen ari, zenbaitzuetan hondakinak behar ez diren egunetan uzten baitira kalean.

Gaur, asteartean, Kaputxinoak (18:00etan, Kaputxinoak Auzo Elkartean) eta Agustinak (19:30ean, Agustintxo Auzo Elkartean) izan dira bi bilerak. Asteazkenean, berriz, 19:30ean Pontika auzora hurbilduko dira Hondakinen Batzordeko kideak, bertako auzotarrekin biltzera.

Prozesu honetan interesa duen edonork bere ekarpenak helaraz diezazkioke Hondakinen Batzordeari e-posta bitartez (hondakinakIAK@googlegroups.com) edo, bestela, udaletxeko Mendi eta Ingurumen Sailera zuzenduz. Informazio gehiago eskuratu dezakezue Zintzilik Irratian egindako elkarrizketan.

Hondakinen Batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkiote ekimen honetan parte hartu eta interesa agertzen ari diren herritar orori.