Ingurumen Aholku Kontseiluaren Hondakinen Taldea fase berri batean sartu da

Hondakinen batzordeak ohar baten bitartez jakinarazi du gaiaren inguruko lanketa fase berri batean sartu dela:

Irudia052

Azaro hasieran hasi ginen lanean hondakinen gaia lantzen, eta urtarrilean auzo guztietan bilerak antolatu genituen herriko hondakinen egungo egoera zein den ezagutarazteko, herritarrak gai honi buruz hausnarketa egitera animatzeko, eta, nahi izanez gero, taldean parte hartzera gonbidatzeko. Izan ere, bilera hauen ostean pertsona berri batzuk hurbildu dira taldera, parte hartu eta gaia jorratzeko gogoz.

Auzoz auzo eginiko bileren balantzea positiboa izan da. Izan ere, saio horien bidez gaia plazaratzeko eta hainbat herritarrekin hartu-emanak izateko aukera eduki dugu, eta era berean, hirian gai honi buruzko hausnarketa sustatzeko baliagarri izaten ari da. Azpimarratzekoa da, ordea, bileretako asistentzia ez dela guk uste bezain oparoa izan: gehienbat jende nagusia agertu da eta gazte jendea faltan bota dugu.

 Auzo ezberdinetako herritarren ekarpenak aztertu ondoren, datorren astean zenbait alderdi politikoekin elkartuko gara: EAJ, PP eta Ezker Anitza. PSEk ukatu egin digu elkartzeko gonbitea, Ingurumen Aholku Kontseiluarekin bilera egin arte. Udal gobernu taldearekin (Bildu + EA/IU) ere bilera bat egiteko asmoa dugu.

 Eta hemendik aurrera zer? Auzoetako bileretan azaldu diren ekarpenetan eta Batzorde honetako kideek egindako lanketaren ondorioz adostu irizpideak oinarritzat hartuz gure ustez hondakinak kudeatzeko sistema egoki batek izan beharko lituzkeen ezaugarriak zehazten saiatuko gara. Lortzen dugun emaitza hori, auzoetan aurkezteko asmoa dugu, eztabaidatu eta ahal bezain gehien aberastu dadin. Ondoren, azken emaitza txosten batean jaso eta Errenteriako Ingurumen Aholku Kontseiluari aurkeztuko diogu.

 Bukatzeko, gogorarazten dugu lan-talde hau erabat irekia dela, eta gai horretan interesa duen edonork parte har dezakeela. Gurekin harremanetan jartzeko, honakoa da gure helbidean: hondakinakIAK@googlegroups.com.