Errenteriarrei Apirileko Ferian parte hartzera dei egin die Julen Mendoza Alkateak

Julen Mendoza

Asteburuan VI. Apirileko Feria ospatuko dela-eta, ondorengo mezua zabaldu nahi izan du Julen Mendoza Errenteriako Alkateak:

Asteburu honetan VI. Apirileko Feria izango da Errenterian, Concha Rociera Kultur Elkarteak antolatuta, oraingoan, eta urtez urte ospatzen den ekitaldi bati jarraipena emanez.

Bide batez, nire zorion eta estimazioarik zintzoena adierazi nahi diet Concha Rociera Kultur Elkarteari eta Aljarafe Andaluziako Kultur Elkarteari, urte hauetan guztietan ospakizun kultural hau antolatzeaz gain, andaluziar kultura bizirik manten dadin egin duten etengabeko lanagatik.

“Ezagutzen ez dena maitatu ezin daitekeela” adierazi dute aurten antolatzaileek eta nik ere bat egiten dut hitz horiekin. Bide horretan, zoriondu nahi ditut “komunitate ezberdinen arteko hurbilketan” Jon Maia bertsolaria Feriako egitarauan barneratzeagatik.

Kultura hauek guztiak herri honen parte dira jada. Horrela da hori. Eta horrexegatik dagokigu guztioi euretara hurbiltzea. Ezin dugu onartu euskal kulturaren eta beste batzuren arteko erasorik. Geurea da, kultura hauek guztiak elkar ezagutu eta elkarrekin bizi daitezen lortzearen ardura.

Ekitaldi hauek, beren jatorrizko lurraldea utzi beharrean aurkitu ziren pertsonei egiten zaien aitorpena ere badirela ulertzen dut. Eurentzat erraza izan ez bazen ere, herri honetara eskulana ekartzeaz gain, aberastasun kultural ikaragarria ekarri duten pertsona haiei.

Azaldutako guztiagatik, eta Alkate naizen aldetik, Errenteriako herritar guztiak apirilaren 12, 13 eta 14an Gamon Zumardian egongo den karpan burutuko diren ekintzetan parte hartzera gonbidatu eta animatu nahi ditut. Zalantzarik gabe, ni bertan izango naiz eta horregatik eskatzen diet antolatzaileei, beti egin ohi duten moduan, andaluziar Fino pixka bat niretzat gorde dezaten.

 Julen Mendoza, Errenteriako Alkatea