Josecho de Linares malagarrak irabazi du Film Laburren lehiaketako sari nagusia “Mi ojo derecho” lanarekin

Atzo, hilak 10, banatu zituzten XVIII. “Errenteria Hiria” Film Laburren lehiaketako sariak Niessen zinemetan egindako ekitaldian.

Guztira 10 sari banatu zituzten eta horien artean, ikusentzunezkoetan aditua den epaimahaiak, Josecho de Linaresen Mi ojo derecho filma hautatu zuen irabazle aurkeztutako 156 lanen artetik. Malagako zuzendariak ezin izan zuen sari banaketan egon baina bere izenean, bere lehengusuak jaso zuen saria Julen Mendoza alkatearen eskutik: 1.000 euro, trofeoa eta diploma.

Oarsoaldeko onenari saria, bestalde, Asier Urbieta errenteriarraren Arconada lanak eskuratu zuen. Irune Balentziaga Kultura zinegotziak eman zion saria zuzendariari eta honek, epaimahaikideei eskerrak ematearekin batera, “norberaren herrian saria jasotzeak poza ematen” duela aitortu zuen.

Publikoaren saria, berriz, Mikel Perezen Atraco a mano desarmada filmarentzat izan zen; Perezek esan zuenez Lanbideko ikastaro batetik ateratako filma da eta “langabetuek ere kalitatezko lana” egiten dutela erakusten duena.

Honakoak izan ziren saritutako lan guztiak:mi ojo derecho

  • Zuzendaritza onenari saria: Josecho Linareses Mi ojo derecho. 1.000 euro, diploma eta trofeoa.
  • Animaziozko film labur onenari saria: Iker Maidaganen Mirage. 600 euro, diploma eta trofeoa.
  • Fikziozko film labur onenari saria: Raquel Bediaren T’Adhib. 600 euro, diploma eta trofeoa.
  • Film labur dokumental onenari saria: Diego Cabezasen Hondo Mojave. 600 euro, diploma eta trofeoa.
  • Publikoaren saria: Mikel Perezen Atraco a mano desarmada. 300 euro diploma eta trofeoa.
  • Euskarazko lan onenari saria: Gurrutxaga eta Arangurenen Eta orain zer egingo dugu?. 600 euro eta diploma.
  • Oarsoaldeko onenari saria: Asier Urbietaren Arconada. 300 euro, diploma eta trofeoa.
  • Gazte saria (16 eta 25 urte bitarteko egileak): Maider Fernandez, Maria Elorza eta Mikel Herreraren Birjinianori bisita. 600 euro, diploma eta trofeoa.
  •  Aktore onenari saria: Alex Hernandez Revenge filman egindako lanagatik.
  • Aktoresa onenari saria: Begoña Maestre Al otro lado de la puerta filman egindako lanagatik.