Bizilagun berrientzako harrera jardunaldiak antolatu ditu Udalak

Bizi lan egin_5Gaur arratsaldean ekingo zaio, Errenteriako Udalak, SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, kanpotik etorritako pertsonentzako prestatu duen harrera programari.

Jose Manuel Ferradas, Inmigrazioa zinegotziak azaldu duenez, Errenteria, historikoki, herri anitza da kultura eta herritarren jatorriari dagokionean. 2012ko azarotik gaur arte, esaterako, 1052 bizilagun berri hartu ditu eta, hain zuzen, eurei zuzendutako 3 hitzaldi antolatu dituzte jardunaldien barruan. Helburua argia da: “Kanpotik etorritako pertsonen ongizate pertsonala hobetzen laguntzea baina baita herriaren ongizate kolektiboa hobetzea ere, eta era honetan, Errenteriako elkarbizitza aberastea”.

Lehendabizikoa hitzaldia gaur arratsaldean, hilak 27, izango da Udaletxeko Pleno Aretoan, 19:00etan. Bertan, Julen Mendoza alkateak eta Garazi Lopez de Etxezarreta Berdintasun zinegotziak Harrera programa aurkeztuko diete bizilagun berriei, eta herria eta udalaren baliabideen berri ere emango diete.

Hurrengo hitzordua bihar, ostegunean izango da, hilak 28. Kasu honetan SOS Arrazakeria taldeko kide batek legearekin zerikusia duten gaien gaineko aholkuak emango dizkie bertaratzen direnei; hala nola, atzerritarrei eragiten dien araudia, lanerako eta formazioarako sarbidea, edo tituluen homologazioa… Xenpelar Etxean izango da hori, arratsaldeko 19:00etan.

Azkenik, abenduaren 12an, Xenpelar Etxean eta 19:00etan, aniztasunaz eta onarpenaz ariko dira herriko eragileek SOS Arrazakeriarekin batera prestatutako hitzaldian.