2014ko lehenengo enplegu plana martxan jarriko du Errenteriako udalak

Errenteriako Udalak, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako lehen enplegu plana abiatuko du.

Iraupen mugatua duten 8 lanpostu sortuko dituzte guztira: 2 arkitekto tekniko, 2 peoi balioanitz, arotz ofizial bat, iturgin ofizial bat, basozain bat eta Listorretako erabiltzaileei arreta eskainiko dien langile bat hautatuko dituzte.

Hautaketa prozesuetan parte hartzeko, planaren sustatzaileek jakinarazi dute, interesdunek derrigorrezkoak diren hainbat baldintza bete beharko dituztela. Langabezian egon beharko dira, Lanbiden altan emanda egon beharko dute, Errenterian erroldatuta egon beharko dira eta lanpostuarekin bat datorren formazioa izan beharko dute.

Lanpostuen xehetasunak datorren astean argitaratuko dira www.oarsoaldea.net web gunean eta izena emateko epea, 7 egun naturaletakoa izango da eskaintza bakoitza argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Honekin batera, interesa duten herritarrei gogorarazi nahi izan diete, Oarsoaldeak Olibeteko 6. zenbakian duen Enplegu Zentrora joan daitezkeela lanpostuen inguruko informazioa jaso eta baita izena ematera ere.