Astelehenean zabalduko da Udako Oporretan izena emateko epea

Udako oporren aurkezpenaErrenteriako Udalak herriko haur eta gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten ere. Eskaintza zabala da: txikiak, 2008 eta 2010 artean jaiotako haurrentzat, udalekuak 2002 eta 2007 artekoentzat eta kanpamenduak Beiren (2002-2004) eta Lousadan 1998-2001).

Iaz bezala, gainera, txikiek eta udalekuek ez dute leku mugarik izango, hala izena ematen duten guztiek izango dute horietaz gozatzeko aukera. Hori bai, txanda bakarrean hartu ahal izango dute parte. Baldintza bakarra Errenterian erroldatuta egotea da. Hala ere, Unai Unsuain Gazteria zinegotziak esan zuen, Sahara eta Txernolbildik etorritako haurrek ere izango dutela aukera.

Kanpamendutarako plaza kopurua, berriz, mugatua da. Beirera 50 haur joan ahal izango dira eta beste 50 Lousadara. Kasu hauetan, zozketa bidez erabakiko dute hautatutakoen zerrenda.  Apirilaren 2an izango da hori, Merkatuzarren, 10:00etan.

Izen ematea

Astelehenean, hilak 17, zabalduko dute aurretiaz izena emateko epea eta martxoaren 28ra arte egin ahal izango dute eskaera interesdunek. Horretarako Merkatuzarren kokatzen den Gazte Informazio Bulegora joan beharko dira astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:00etara, goizez, edo 17:00etatik 19:00etara arratsaldez (ostiral arratsaldean itxita dago bulegoa). Ondoren, ordainketa apirilaren 7tik 11ra egin beharko dute.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, gainera, familia ugariek %50eko hobaria izango dute eta seme-alaba bat baino gehiago izena emanda dituzten familiek %20koa.

Informazio gehiago gaztebulegoa.errenteria.net/UdakoOporrak web gunean aurkitu daiteke.