Otxoteak eta txirigotak elkar hartuta

Txirigotak_jaialdia_aurkezpenaEsperimentu gisa deskribatu dute asteburu honetan egingo dutena antolatzaileek, txirigotak eta otxoteak elkarrekin plazaratzea, alegia. Aurten bigarren edizioa du Errenteriako Txirigoten jaialdiak eta lehenengoan egitera “ausartu ez ziren” bertso eta koplen arteko nahasketa eramango dute aurrera oraingoan. Emaitza zehatza zein izango den ez dakiten arren, antolatzaileak ziur daude egundokoa izango dela.

Gaur goizean aurkeztu dute jaialdia Niessen Elkartean eta bertan, Cadizetik Errenteriara bertaratuko diren taldeen xehetasunak eskaini dituzte. Alde batetik, “Chirigota del Love y el Cabra” taldea egongo da herrian. Tradizio luzeko txirigota da honakoa duela 30 urte sortu zenez, eta bere ibilbidean sarri lortu du Cadizeko inauterien baitako norgehiagokan lehenengo postuetan egotea. Hain zuzen ere, Cadizeko inauterien sukarra Errenteriaraino ekarriko dute euren  “El que entra no sale” ikuskizunarekin (bigarren postuan geratu dira ikuskizun honekin aurten), izan ere, inauterietako sindromeak sendatzen dituen kontsulta psikologiko bat du istorioak ardatz. Horrez gain, aipatutako ibilbide oparoaren antologia bat ere eskainiko dute euren kopla onenekin.

Errenteriara etorriko den bigarren taldea, berriz, “Javi el Canijo” laukotea izango da eta Mary Poppins-en istorioan oinarritutako “Los niños de la Mary” ikuskizuna eskainiko du. Hauek, Cadizeko inauterietan kuartetoen modalitatean aritzen dira (Bigarren geratu dira aurten herrira ekarriko duten ikuskizunarekin). Antolatzaileen esanetan, hau izan daiteke Cadizeko inauterietan dagoen modalitate zailena kopla, bakarrizketa, inprobisazioa… nahasten dituenez.

Bi talde hauekin arituko da Errenteriako Karnaba otxotea ere. Kantuan aritzeko bi forma ezberdinen isla direla azaldu dute antolatzaileek, batzuen zurruntasuna eta besteen txantxetarako gogoa nabarmenduz. Bien arteko zubilanak egiteko jaialdiaren baitan antolatutako afarian, Freddi Paia bertsolaria egongo da hizkuntza nola menderatzen duen jakitun.

Jon Collar Errenteriako Udaleko kultura zinegotzia ere aurkezpenean egon da eta jaialdiaz “apostu ausarta” dela uste duela esan du. Udalean ere egingo diote harrera Cadizetik etorritako taldeei ostiralean, hilak 26, 13:00etan. Egun horretan bertan, arratsaldeko 19:30etan lehenengo emanaldia eskainiko dute Niessen Kulturgunean.

Larunbatean bigarren emanaldi bat ere eskainiko dute, hau ere, Niessen Kulturgunean baina kasu honetan 20:00etan. Ondoren afaria egingo dute guztiek elkarrekin Niessen elkartean, bertan elkartuko dira otxoteak, txirigotak eta Fredi Paia bertsolaria. Afaria irekia da baina plaza mugatuak izango dira. Bereziki azpimarratu dute antolatzaileek hitzordu hau, izan ere, ziur daude txantxa eta kanturik ez dela faltako eta oso giro berezia sortuko dela guztien artean. Afaria 20 euro kostatuko da eta izena, 652 776 818 deituta edo txusko07@yahoo.es helbidera idatzita eman ahal da. Niessen Kulturgunean eskainiko dituzten emanaldietako sarrerak aldiz, 12 €ren truke eskuratu ahal dira Cine Reyna tabernan, Sindikato tabernan eta Niessengo harrera bulegoan. Egun bertan lehiatilan ere erosi ahal izango dira, orduan, 15€-ren truke.

Gonbita egiten amaitu dute aurkezpena, emaitza zein izango den ez dakiten arren, antolatzaileak ziur daudelako sekulakoa izango dela.

 

Txirigota_jaialdia