San Inazioko kontzertua, Koldo Mitxelenaren inguruan

emkeOstiralean, uztailak 31, San Inazioko kontzertua eskainiko du EMKEk, Herriko Plazan 22:30etatik aurrera. Aurtengoan, Koldo Mitxelenaren jaiotzaren mendeurrenari heldu diote eta Mitxelena bera izango da emanaldi horren muina. Ildo horretatik, azaldu dutenez, 1961ean Mitxelena euskaltzain oso izendatu zuten ekitaldian jarriko dute kontzertuan arreta. Izan ere, Mitxelenak utzitako ondarea aztertu duen Elixabete Perez Gazteluk agertu duenez, Basarrik kronika batean idatzi zuen dantzariak, bertsolariak eta musika bandak parte hartu zutela ekitaldi hartan. Hartara, Easo Abesbatza, Araotz abesbatza, Aitor Albistur bertsolaria, Jon Maya eta Nerea Vesga dantzariak gonbidatu ditu EMKEk ekitaldi hori bera irudikatzeko ostiraleko emanaldira. Era berean, jakinarazi dute eguraldi txarra eginez gero, parrokiara mugituko dutela emanaldia.