Aiako Harria, bakoitzak nahi bezala

Herri Biziaren Bidean | Ingurumena | Landa garapena | Oarsoaldea 2015-08-27 | 0

Eguraldi onarekin areagotu egiten dira leku ezberdinak ezagutu eta gorputza mugimenduan jartzeko gogoak. Naturak aisialdirako eskaintzen dituen planak baliatzen dituzte askok garai honetan (kirola, ibilaldiak….) Aukera zabala eta anitza da Errenterian eta baita inguruetan ere. Horietariko batzuen inguruko informazioa bildu du Oarsoaldeko Garapen Agentziak bere webgunean, horien artean dago Aiako Harriaz jaso duena.

Aiako Harria bost udalerrietako goi lurrak osatzen dute ia 7.000 hektareako eremu babestua da (Errenteria, Oiartzun, Irun, Hernani eta Donostia). Jende asko hurbiltzen da bertara paisaiaz, faunak, floraz… gozatzera bakoitzak nahi bezala: balizatuta dauden ibilbide ugarietako bat egin, ingurune osoan aurki daitekeen ondasun megalitikoa bisitatu, baso mardulen gerizpean egon edota mendi tontor batera igo eta ikusmiraz gozatu.

Bide_berdea_02

Iturria: http://www.oarsoaldea-turismo.net/

Arditurriko Bide Berdea da Aiako Harrien atarietako bat; naturarekin eta historiarekin bat egiteko atea. Aitzinean, Arditurriko meategietatik ateratako meak Pasaiako portura eramateko eraikitako trenbideak egiten zuen bidea da, egun oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokitu dena. Bide gorria eta bide berdea lotuz, Donostiatik Aiako Harriaren Parke Naturalaren sarreraraino joan daiteke ibilbide honekin. Arditurriko Meatze gunean bukatzen da, hain zuzen ere, duela 2.000 urtez gero jarraian ustiatuak izan diren meazulo bakarrenetakoak dira Arditurrikoak. Gaur egun erabateko meatze-paisaia eskaintzen du inguruak eta meazuloa barrutik ere bisitatu daiteke.

Arditurriko Bide Berdearen informazio zehatzagoa, hemen.

Aiako Harrian zehar, hainbat ibilbide homologatu ezberdin egin daitezke; herri ibilbideak (SL), ibilbide laburrak (PR) eta ibilbide luzeak (GR). Ibilbide horien mapa aurkituko duzue esteka honetan.

Ibilbide horietan ondare etnografikoa eta historiaurrekoa oso aberatsa da. Jarraian datorren loturan daude ondasun megalitikoak ikusteko ibilbide berezituak.

Historiaurreko-ibilbideak

Iturria: http://www.oarsoaldea-turismo.net/

Irteera gidatuak

Errenteriako Udalak, Oarsoaldeko Turismo sailarekin eta Gipuzkoako Parketxe Sareekin batera uda honetan Aiako Harriak hobeto ezagutzeko ekintza ezberdinak ere antolatu ditu. Asteburu honetan (abuztuak 29 eta 30) , esaterako, Malbazarko hezegunea eta Aizpitarteko kobak ezagutzeko aukera egingo da adituen bitartez.

  • Malbazarko hezegunea eta anfibioen bizilekuak izeneko ibilbideak osatuko du bisita gidatuen plana. Malbazarko hezegunea eta bertan aurki daitekeen fauna mehatxatua (baso igel gorria, ur igela, uhandre palmatua, txantxikua eta burduntziak, besteak beste) ezagutzea da ibilbide honen helburua.Izena emateko edo informazio geahigo lortzeko bisitatu Errenteriako turismo bulegoa, deitu 943 449 638 telefonora edo idatzi turismo@errenteria.net helbidera. Irteerak 2€ko kostua du 17 urtetik gorakoentzat, 1€koa 6-17 urtekoentzat eta dohainik izango da 6 urtetik beherakoentzat. Abuztuan 29an euskaraz izango da irteera eta 30ean gazteleraz.

Irteera_gidatuakUdako_Abenturak_Listorreta2015

No comments yet.

Utzi erantzuna