Herri partaidetza, Atlantikaldia jaialdiaren motorra

Atlantikaldiako eragileakEgun bat baino ez da geratzen Atlantikaldia Musika eta Kultura Jaialdiari hasiera emateko. Ostegunetik aurrera eta lau egunez, Errenteria Atlantikoak lotzen dituen herrien topagune, lekuko eta eszenatoki bilakatuko da. Guztira, 80tik gora ekimen izango dira, horietako asko herriko eragileekin elkarlanean antolatuak.

Ostegunetik aurrera, Atlantikaldiak musika emanaldiak, erakusketak, dantza emanaldiak, hitzaldiak eta hamaika ekimen bilduko ditu errenteriarren eta bisitarien gozamenerako. Emanaldi guztiak doan izango dira, Atlantikaldiaren baitan antolatzen diren gainontzeko ekitaldi guztiak bezala.

“Irailaren 17tik 20ra Errenteriako ateak zabalik izango ditugu inguruko herrietatik, Euskal Herritik, zein atzerritik etortzen diren guztientzat”, egin zuen gonbita Laura Landa Atlantikaldiako zuzendariak atzo, hilak 15, emandako prentsaurrekoan.

Errenteriako Udalak jaialdiaren antolakuntzan aktiboki parte hartu duten eragile guztiek egindako lana aitortu nahi izan du. “Guztira, 120 proposamen inguru jaso ditugu hainbat eragile soziokulturalen aldetik, bakoitza diziplina eta izaera ezberdinekoa”.

Hori izan zen atzoko prentsaurrekoaren xedea, eta horrela adierazi zuen Laura Landa jaialdiko zuzendariak. “Udalaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiet gurekin aritu diren, eta ari diren guzti-guztiei. Konbentzituta gaude halako egitasmoak elkarlanean egiten direnean emaitza hobeak lortzen direla”.

Bestalde, guztien izenean Ion Collar Errenteriako Kultura zinegotziak herritarrak animatu zituen Atlantikaldiaren baitan antolatu diren ekitaldietan parte hartzera, “ikusle bezala, edo parte-hartzaile aktibo bezala”.

“Eskerrak eman nahi dizkiet, euren inplikazio eta jarreragatik. Ziur gaude urtez urte Atlantikaldiaren eskaintza zabalagoa eta anitzagoa izaten lortuko dugula euren laguntzari esker” gehitu du Collarrek.

Zentzu berean, herriko eragileen parte-hartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen “Atlantikaldia nortasunez janzteko. Herritarrak izango dira jaialdia indartuko dutenak, eta jaialdiaren etorkizuna bermatuko dutenak.”.

Aldaketa

Landarbaso abesbatzak emango duen kontzertuan aldaketa bat ere iragarri zuten. Izan ere, eta programan ostegunean izango dela jasota dagoen arren, emanaldia larunbatean izango da, hilak 19, 23:00etan, Mikelazulon.