Ekintzaileei laguntzeko Lanbideren laguntza deialdia martxan da Oarsoaldean

Egungo krisiaren testuinguruan, “aurrerapena eta ongizatea bultzatzeko ekintzailetasuna ezinbestekoa da”. Eta hain zuzen, ekintzaileei babesa emateko helburua du deialdi honek. Hirugarren urtez jarraian Lanbidek abian jarri duen deialdia da. Oarsoaldea Garapenerako Agentziaren bidez, zazpi proiektu diruz laguntzeko aukera izango da. Horietako lau enpresa-ideiak garatzeko izango dira, eta gainerako hirurak, aldiz, enpresa-jarduera berriak martxan jartzeko.

Eskualdeko Garapen Agentziak aholkularitza zerbitzua eskainiko die, eta aldi berean, Lanbidek, Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzaturik, diruz lagunduko die. Gainera, aurtengo deialdiak 25 urte baino gutxiago duten gazteengan eta emakumeengan “arreta berezia” jarri duela adierazi du Oarsoaldeak. Horrela, zazpi diru-laguntzetatik 2, 25 urtera heltzen ez direnentzat gordeko dira, eta gutxienez hiru emakumeri lagunduko zaio.

Tutorizazio prozesua

Eskaera aurkeztu ahal izateko, derrigorrezko baldintza izango da aurretik Oarsoaldea Garapen Agentziarekin tutorizazio prozesu bat abian jarri izana. Horretarako, ezinbestean, urriaren 19an, astelehena, 12:00tan Oarsoaldearen Oiartzungo bulegoan egingo den tutorizazio-hasiera eta diru-laguntzen aurkezpen-bileran parte hartu beharko da.

Onuradunek ondorengo zenbatekoak jasoko dituzte:

  • Enpresa-ideia garatzeko: 1.000 euro 25 urte edo gehiago dituen gizonezkoarentzat eta 1.125 euro emakumea bada; eta 1.125 euro eta 1.300 eurokoak 25 urtez azpikoentzat.
  • Enpresa proiektua martxan jartzeko: 1.500 euro 25 urte edo gehiago dituen gizonezkoarentzat eta 1.725 euro emakumea bada; eta 1.725 euro eta 1.950 eurokoak 25 urtez azpikoentzat.

Betebeharrei, prozedimenduari, eskaerari eta abarrei buruzko informazio gehiago: oarsoaldea.net webgunean edo Enpresa Txikiei Laguntza Sailarekin harremanetan jarriz, 943 494 129 telefonoan edo asier@oarsoaldea.net edo esti@oarsoaldea.net helbidera idatziz.

Diru‐laguntzei buruzko informazioa: