Badator San Tomas Eguna

Larunbatean eragileek aurkezpena egin zuten (Argazkia: Errenteriako Hitza)
Larunbatean eragileek aurkezpena egin zuten (Argazkia: Errenteriako Hitza)

Astebete eskas falta da abenduaren 21erako, San Tomas Egunerako. Aurtengoa Errenteriako 29.edizioa izango da eta egutegian “gorriz markatutako” egun hori handi egiteko eta festa “borobiltzeko” izaera ezberdineko herriko zenbait elkartek Udalarekin elkarlanean egitaraua osatu dute. Euren “apustua” azokan herrian zehar zabaltzea da, eta horregatik urteroko Gamon Zumardiaz gain, Foru Plazan ere izango da hainbat ekintzez eta egunaz gozatzeko aukera.

Larunbatean aurkeztu zituzten egunari buruzko xehetasun guztiak Foru Plazan bertan. Eguneko protagonistaren izena ere eman zuten ezagutzera: Elurtxo txerria. Ohitura jarraituz, bere pisua asmatzeko porra egongo da.

Txapel jaurtiketa txapelteka

Ohi bezala, artisau postuak, txistorra postuak, baserritarren produktuak edota animali zein barazki erakusketa izango dira egunean zehar. Gainera, jantzi ederrena eta postuetako txistorra xamurrena sarituko dira beste urte batez. Baina aurtengo egitarauak nobedaderik badu, hori prestatu duten txapel jaurtiketa txapelketa izango da. Txapelketa hau antolatzen den lehen aldia da, eta herritar oro gonbidatu dute parte hartzera.

Edalontzi berrerabilgarriak

Bestalde, antolatzaileek herritarrak animatu dituzte etxeko edalontzi berrerabilgarriak eramatera, “garbitasuna eta bideragarritasuna” hobetze aldera. Herrian zehar banatuta dauden postuetan ere egongo dira euro batean salgai edalontzi horiek, edonork eskura ditzan.

Egitaraua:

  • 11:00etan, azokaren irekiera
  • 11:30ean, pregoia
  • 11:30-13:30: Herri kirolak haurrentzat Lehendakari Agirre plazan
  • 12:30-13:30: Udal Txistulariak herrian zehar
  • 13:00etan, bertsolariak Foru Plazan
  • 15:00-17:00: Herri Kirolak Zumardian
  • 15:00-19:00: Txaranga herriko kaleetan zehar
  • 17:00etan, txapel Jaurtiketa txapelketa Foru Plazan
  • 18:00etan, Amulletako danbor kofradia herriko kaleetan zehar
  • 18:30-20:00: Jauziak (Muxikoak) Zumardian
  • 20:30ean, sari banaketak: txerriaren pisuaren porraren emaitza, jantzi ederrenaren saria eta postuetako txistorra xamurrenaren saria
  • Honetaz gain 12:00-14:00 eta 17:00-20:00etara Euskal jantzien erakusketa Xenpelar Etxean