Errenteriako kirol klub federatuen argazkiak ikusgai egongo dira Galtzarabordako kiroldegian

Galtzaraborda_kiroldegiaMaiatzaren 9tik uztailaren 30era erakusketa antolatu da Galtzarabordako Udal Kiroldegiaren sarreran, kasu honetan Errenteriako kirol klub federatuen argazkiak ikusgai jartzeko. Erakusketak jasotzen dituen argazkien bidez Errenteriako kirol kluben jarduera eta herrian egiten diren kirol modalitateak ikusgai jarri eta ezagutzera eman nahi dira.

Kirol elkarte horiek Errenteriako herritar askori urtetik urtera gustukoen duten kirol praktikaz gozatzeko aukera emateaz gain, Errenteria udalerri aktibo eta osasungarriagoa izatea lortzen dute.

Erakusketa hau esker moduko bat izatea nahi da, kirola egitea helburu bakartzat hartuta Errenteriako gazteak eta herritarrak oro har beren egituretan hartzen dituzten elkarteetako hainbat eta hainbat pertsonak musu-truk egiten duten lan itzela aitortzeko.

Kirol federatuaren erakusketa hau 2016an zehar egingo diren erakusketa sorta baten bigarrena da. Aurreikusita dago beste hiru egitea, zehazki “Kirola herritarrentzat”, “Automobilismoa Errenterian” eta “Kirol probak eta kirola kalean”.