Ikasleen %51k Eskola Kirolean parte hartuko du ikasturte honetan

eskolakirola2op

2016-17 ikasturteko Eskola Kirolaren datu esanguratsuak ezagutzera eman dituzte Oarsoaldeko kirol zinegotziek Lezon eta bide batez, Eskola Kirolaren inguruan egindako bideoa aurkeztu dute. Oarsoaldean guztira 134 talde daude; 78 talde Errenterian, 25 Oiartzunen, 22 Pasaian eta 9 Lezon. Talde hauen entrenamenduak gidatzeaz 85 entrenatzaile arduratzen dira, 19 emakumezko eta 66 gizonezko. 8-12 urte bitarteko 2.757 neska mutil daude Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta eta horietatik 1.402k eman dute izena aurten Eskola Kirolean.

Jexux Leonetek adierazi duenez, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakaria eta Oiartzungo alkateak, Eskola Kirola jarduera osoa %100ean euskaraz egiten da gaur egun eta filosofia nagusia kirol aniztasuna da, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko aukera izaten baitute neska-mutilek bertan. Horretaz gain, elkarrekiko errespetua, elkartasuna eta kirol legez jokatzen ikasteko balioak lantzen dituzte.

Bestalde, nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan nesken lekua aldarrikatuz neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen du proiektu honek. Poliki bada ere, nesken parte hartzea gorantz doa urtez urte. Eskola kirolean nesken %32,80k hartzen du parte eta mutiletan %67,29ak.

Azkenik, Oarsoaldeko eskola kirolaren egitura profesionalizatzeko ikastetxeek eta udalek egin duten esfortzua nabarmendu dute eskualdeko kirol arduradunek.

Gurasoentzako deia

Datu esanguratsuenak aipatzeaz gain, gurasoentzako bi mezu bidali dituzte Oarsoaldeko kirol zinegotziek. Batetik, Eskola Kirolan aipatutako baloreak lantzen diren heinean, orain arte bezala jokaera eredugarria erakusten jarraitzera animatu dituzte gurasoak eta haurrak bai kantxatan, baita harmailatan ere. Bestetik, auto partikularra alde batera utzi eta partidatara joateko bestelako garraio modu batzuk erabiltzeko ahalegindu daitezen eskatu diete.

Agerraldiari amaiera emateko, eskola kirola, oro har, sustatzeko eta bereziki Oarsoaldeko eskola kirolaren eredua balioesteko egin duten bideoa ezagutzera eman dute: