Landarbasok kontzertua emango du Chillida-Lekun

0221_landarbasoChillida-Lekuk Gabonetako kontzertu berezi batekin itxiko du bere programa kulturala, Landarbaso Abesbatzaren, Kaabestri Ensemble talde instrumentalaren eta Esther Barandiaran pianistaren eskutik. Jarduera horrekin, amaiera emango zaio «Zabalagako topaketak 2016» programari, hau da, kulturaren aldetik horren berezia den urte honetan bere ekarpena egiteko Chillida-Lekuk antolatu duen programa kulturalari.

Gabonetako kontzertu berezia datorren abenduaren 23an eskainiko da, 19:00etan, Zabalaga baserrian. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 00:00etan, 25 euroko prezioan. Berrehun lagunentzako lekua egongo da, eta sarrerak Kutxabanken online salmentako kanalaren bidez erosi ahal izango dira.

Landarbaso Abesbatzak, Kaabestri Ensemblek eta Esther Barandiaran pianistak eskainiko dute Chillida-Lekuko «Gabonetako kontzertu berezia». Landarbaso Abesbatza eta Kaabestri elkarrekin aritu dira dagoeneko Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Matinée saioetan, Azkoitiko Udaberriko 23. Musikaldian eta Errenteriako Santa Zeziliako 33. Zikloan.

Kaabestriko sei musikari (hiru biolin, bi biola eta biolontxelo bat) eta abesbatzako 35 kide arituko dira pianistarekin batera, eta Dan Forrest konpositore estatubatuar ospetsuaren hamar obra eskainiko dituzte, gehienak gabon-kutsukoak: The Sheperd’s Carol, Never a Brighter Star, The Hands That First Held Mary’s Child, Arise, My Soul, An Offering, A Cradle Carol, Benedictus, O Come all Ye Faithful eta The First Noel. Errepertorio hau behin bakarrik interpretatu da orain arte, 2013ko abenduko Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Matinée saioetan, eta ordubeteko iraupena izango du gutxi-gorabehera.

Zabalaga baserriak eman die izena Zabalagako Topaketei. Izan ere, baserri horretan sustraitzen dira artistaren erroak eta memoria, bai eta bere gorputzaren eta espirituaren presentzia ukaezina ere. Azken topaketa honek helburu bakarra du: familiaren baserri hau eta Chillida-Lekuren inguruak gurera hurbildu nahi duten pertsona guztientzako topaleku bilakatzea, hain zuzen ere.