Errenteriako 3. Azoka Ekologikoak Zumardia beteko du larunbatean

KartelIrudiIIIAzokaEkoIrailaren 9an, larunbata, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren III. Azoka ospatuko da Gamon Zumardian. Bertan, Euskal Herriko baserrietako elikagai ekologiko desberdin asko ezagutzeko eta erosteko aukera izango da goizeko 10:00etatik 14:00ak arte.

Nekazaritza ekologikoaren gakoak

Errenteriako Udalak, Behemendik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Biolur Elkarteak antolatutako azoka honetan, Euskal Herriko leku desberdinetako ekoizleak egongo dira eta modu berean produktu anitz topatuko dugu hauen postuetan. Azokan egongo diren produktu guztiek bi ezaugarri berezi dauzkate: era ekologikoan ekoiztuak eta modu artisau batetan prestatu direla. Zer esan nahi du honek? Modu laburrean azalduta, natura, animalia eta gizakien osasun eta etorkizuna errespetatzen eta kaltetu gabe ekoiztu direla. Alegia, bere ekoizpen prozesuan ez da produktu kimikorik edo toxikorik erabiltzen, eta eraldaketa transgenikorik gabe sortutako ekoizpenak dira.

Abantailak asko direla aipatu beharra dago. Oraina bizi dugun bitartean etorkizuna zaintzen ari garenetik hasita. Horrelako ekoizpen ekologikoak gure osasunaz gain ingurumena zaintzen dituztelako modu iraunkor batean.

Azokara hurbiltzeko arrazoiak

Azokan ematen den salmentari esker kontsumitzaileak zuzeneko informazioa jasotzeko aukera edukiko du, bertan egongo baitira produktu horiek sortu dituzten nekazariak. Hortaz, edozein zalantza argitzeko edo galderak egiteko aukera paregabea du hurbiltzen denak.

Azoka egunean bertan, produktu ekologikoekin irabiaki eta zopa hotzen egiteko ikastaroa izango datailerra izango da. Bertan, sukaldariak azokan aurki ahal daitezkeen produktuak hartuko ditu eta beraiekin egin ahal diren errezeta ezberdinak prestatuko ditu, jarraian dastatzera emanaz.

Azken urteetan Biolur Elkarteak udako azoka bereziak antolatzeari ekin dio. Herri desberdinetako udal eta landa garapenerako elkarteekin elkarlanean hainbat azoka antolatu dira, baserritarrak kontsumitzailearengana hurbiltze aldera. Aurten ere, aurreko urteetako dinamikari jarraituaz, Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren III. Azoka antolatu da, eta azoka hau urtero antolatzen diren udako azoken zirkuituan egonkortu da.