Oarsoaldeko pertsona ospetsuen erakusketa Jantziaren Zentroan

BatelerakAtlantikaldiarekin bat eginez, Iraultza dantza taldeak Errenteriako zein Oarsoaldeko pertsona ospetsuen jantzien erreplikekin erakusketa jarri du Jantziaren Zentroaren beheko solairuan.

Errenteriak portua izan zuen, eta orain sinistezina egiten bazaigu ere, itsasoarekin harremana duten ogi bideekin lotura izan zuten bertako pertsona ospetsuek.

Erakusketan XVI. mendeko bi pertsonaren jantziak daude ikusgai. Bata, Martin de Uranzu itsas-kapitaina da. Hain juxtu, Jantziaren Zentroa kokatuta dagoen Kapitain etxearen jabea. Jantzia egiteko Errenteriako udaletxean dagoen koadro bat hartu du Iraultza dantza taldeak oinarri. Erakusketan margolanaren kopia bat jarri dute jantziaren ondoan.

Bestea, Maria de Lezo da, XVI. mendean Ingalaterrako Catalina erreginaren zerbitzari izan zen emakumea. Garai horretako irudirik ez dagoen arren, antolatzaileek badakite erreginaren zerbitzariak bera bezela janzten zirela, horregatik Iraultza dantza taldeak jantziaren interpretazioa egin du, eta Tudor garaiko jantziaren kopia egin du.

Horiek Errenteriako pertsona ospetsuak. Beraiekin batera Pasai Donibaneko batelerak daude. Irudi hori sortzeko Pasaiako Albaola Faktoriaren laguntza izan du Iraultza dantza taldeak. Albaolak duela hamar urte egindako batela, XIX. mendeko ontziaren kopia ekarri du Jantziaren Zentrora, barruan Iraultza dantza taldeak XVIII. mendeko eskena osatu du. Luis Paret margolariak 1786 urtean egindako koadroa oinarri hartuta, batelerek Pasaiako badiara iritsitako pertsona dirudunak portura jaisten dituzten unea da. Batelaren barruan, XVIII. mendeko bi batelera, bi emakume eta gizonezko bat, ikus daitezke.

Erakusketan orotara bederatzi jantzi daude. Aurrekoei XIX. mendeko batelera baten eta marinel baten jantziak gehitu behar zaizkie.

Erakusketa urriaren lehenera arte irekita egongo da. Ordutegia, larunbat goizetan 11:00-13:00 eta arratsaldetan 17:00-20.00, eta igandetan 12:00-14:00. Erakusketa ikusteko ez da sarrerarik ordaindu behar.