Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako egunaren harira antolatutako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute

Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Errenteriako Berdintasunerako Kontseilutik bat egin dute Oarsoaldeko talde feministek egin duten deialdiarekin, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte azaroaren 25ean, larunbata, 19:00etan Herriko Enparantzan egingo den manifestazioan parte hartzera.
Bestalde, orain dela hilabete, gerra zibila eta oroimen historikoa ikertzeko egitasmoa martxan jarri zen herrian. Egitasmo horren inguruan ekintza batzuk antolatu dituzte, horien artean emakumeek gerra garaian izan zuten protagonismoa jakitera emateko bi hitzaldi. Horiei segida emateko eta azaroaren 25eko testuinguruan, Berdintasunerako Kontseiluak, Amagoia Gurrutxagaren Gerra gauza alua da hitzaldia antolatu du, azaroaren 23an, 18:00etan Merkatuzarren. Bertan, gerra garaian emakumeek jasandako erasoak eta esperientziak ezagutzeko aukera izango da, “badakigulako emakumeok beste era batera bizi ditugula biolentzia, jazarpenak eta errepresioa; jendarte patriarkal honetan beste paper bat ezarri digutelako”, dio Kontseiluaren oharrak. Bizipen horiek ezagutzea historia idazteko eta ulertzeko funtsezkoa da; horregatik guztiagatik, garai horiek bizi izan zituzten emakume guztiak martxan dagoen ikerketan parte hartzera eta beraien bizipenak azalaraztera animatu nahi ditugu, bizipen horiek gabe memoria osatu gabe geldituko delako.

Erakusketa gaurtik 24ra

Horrez gain, herritarrak gonbidatu dituzte, eskola batzuetako ikasleek indarkeria sexista errefusatzeko egin dituzten lanak ikustera joan daitezen. Lanak azaroaren 17etik 24ra egongo dira ikusgai Maria de Lezo kalean.
Bestalde, bereziki gazteak animatu dituzte, bereziki, azaroaren 22an, asteazkenean, 17:30ean, Merkatuzarren antolatu den DIY kamiseta tailerrean parte hartu dezaten.
Halaber, abenduaren 1ean, indarkeria obstetrikoari buruz egongo den hitzaldian parte hartzeko deia egin diete herritarrei; bertan, gaiari buruz ikertu duen Eva Garcia izango da hizlaria. Hitzordua, Patxiku Zelaia emakume elkartearen lokalean izango da, Tomas Lopez 6.
Herritarrak  abenduaren 11n, astelehena, 19:00etan Niessen Kulturgunean izango den zine-forumean parte hartzeko gonbita egin dute. Volar dokumentala proiektatuko da eta, ondoren, dokumentalean agertzen diren bi protagonistekin hitz egiteko aukera izango dute. Azkenik, Errenteriako Berdintasun Kontseiluak dei egiten du errenterriarrek emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera adierazi dezaten eta emakumeenganako indarkeria-adierazpen guztiak salatu ditzaten.