“Energia eta Klima-aldaketa”, aurtengo Eskolako Agenda 21eko gaia

Hamaikagarren ikasturtea dugu jada, Errenteriako Udalak herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zuenetik. Lantzen dituzten gai ugariei jasangarritasunaren ikuspegia gehitzen zaizkie: hondakinak, energia, ura, mugikortasuna, kontsumoa, elikadura, zarata… Aurten, energiaren gaia berrikustea erabaki da, baina oraingoan klima aldaketa ere barneratuz.

Parte hartzen duten herriko ikastetxeak, hauek dira: Bizarain LH ikastola, Bizarain DBH ikastola, Cristobal Gamon LHI, Don Bosco, Egiluze Gurutzeko alabak, Koldo Mitxelena institutua eta Telleri-Alde. Guztira, 3.300 baino ikasle gehiago!

Programaren antolaketa:

Ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan, ikasleak gaia ezagutu eta sentsibilizazio jarduerak burutu dituzte. Ondoren, bakoitza bere ikastetxeko diagnostikoa egitera pasa dira, hau da, eskolan, nola jorratzen da gaia? Gure eskolak duen energi kontsumoa jasangarria al da? Nola hobetu dezakegu?

Bigarren hiruhilekoan, herria aztertzeko txanda dute. Lanketa zikloka banatuta, ditugun ohiturek eta energi kontsumoek ingurumenean duten eragina ezagutuko dituzte: argiztapen sistemak, berokuntza, erabiltzen ditugun elektrizitate-tresnak, sortzen dugun berotegi efektuko gasak, Klima Aldaketarekin duen harremana…

Egun hauetan, 5. eta 6. mailetako ikasleak kalera irtengo dira herritar helduenen iritziak jasotzeko inkesten bidez: Eguraldia benetan erotzen ari al da? lelopean. Frogatu ahal izango dute askotan esaten diren baieztapenak: lehen elur gehiago egiten zuen, lehengoko zirimiriak jada desagertu dira, oraingo tenperatura aldaketa bortitzak ez ziren gertatzen… Bigarren hezkuntzakoak berriz, herritarrok energiaren kontsumoarekin lotuta ditugun ohiturak eta jokabideak jasoko dituzte. Agian, horrelako taldetxo batekin egingo duzue topo!

Azken hiruhilekoan, ikasmaila desberdinetan egindako lana bateratuko dute eta ikastetxe ezberdinetako ikasle ordezkariak Foro batean elkartuko dira gaia hobetzeko hartutako konpromisoak eta Udalari egin beharreko proposamenak adosteko. Orduan ezagutuko dira aurtengo lanaren emaitzak eta Udalak ikasleen proposamenak jasoko ditu.