11 zuhaitz ordezkatuko ditu Udalak Fanderian segurtasuna bermatze aldera

Udalak 11 makal kentzeko lanak hasiko ditu datorren astean Dolores Ibarruri Zumardian eta udaberrian beste zuhaitz batzuk landatuko ditu hauen ordez.

Hori egiteko erabakia kanpoko enpresa batek egindako txostena aztertu ondoren hartu da. Bertan, aipatu makal hauek moztea eta ordezkatzea gomendatzen da herritarren segurtasuna bermatze aldera. Batetik, zuhaitzak adinaren gorenean daudelako (hemendik aurrera beherakada etorriko zaie) eta, bestetik, arbolen inklinazioa eta oso egur hauskorra dela ikusita, arrriskutsua izan litekeelako.

Udalak, berdeguneen garrantziaren jakitun eta ahalik eta zuhaitz gutxien kentzearen aldeko, ale berriak landatuko ditu udaberrian erretiratutakoak ordezkatzeko, gereziondoak, arteak, kakiak eta udareondoak, hain zuzen ere.

Hogei urte daramatza Parke eta Lorategietako azpi-saila urtez urte, gaixotu eta ihartu diren zuhaitzak kendu eta berriak landatzen. Lan hauek neguan egiten dituzte.
Horretarako, auzoz auzo joaten dira zuhaitzen osasunari arreta jarriz.