Asteazkenean zabalduko dute Udako Oporrak programan izena emateko epea

Hurrengo asteazkenean, otsailaren 26an, Udako Oporrak programan online izena emateko epea zabalduko dute. Epea martxoaren 18a arte egongo da zabalik, eta bertan Errenterian erroldatutako haur guztiek parte hartu ahal izango dute, baita herriko ikastetxeetan ikasten dutenek ere, nahiz eta bertan erroldatuta ez egon.

2018an abian jarri zen aplikazioari esker, herritarrek modu erosoan egin dezakete izapide osoa etxetik, bai izen-ematea, bai ordainketa. Tramite hauek gazteria.errenteria.eus web orriaren bitartez egin ahal izanen dira asteazkenetik aurrera.

Presentzialki ere egin ahal izango du izen-ematea nahi duenak martxoaren 4tik aurrera. Horretarako inprimakia gazteria.errenteria.eus helbidean eskuratu daiteke eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan (Herriko Plaza z/g) aurkeztu behar da. Ordutegia ondorengoa da: astelehen, asteazken eta ostiraletan, 7:30etik 15:00etara eta astearte eta ostegunetan 7:30etik 19:00etara.

Oporretan ere, aisialdi hezitzailearen aldeko apustua

Errenteriako Udalak herri hezitzailea eraikitzea du xede eta horretan jarduten du urtean zehar, programa ezberdinetan hezkuntza parekide, euskaldun, parte-hartzaile eta inklusiboa garatuz. Jakitun da haurrak direla gure herriaren oraina eta orainean aisialdiaz gozatzeko herria dela eskaini nahi diena. Baina, era berean, jakitun da oraingo haurrak izango direla etorkizuneko Errenteria eraikiko dutenak eta zein garrantzia duen orainean balore eraikitzaileetan hezteak.

Helburu horrekin osatu dute aurtengoan ere Udako Oporren eskaintza. Aurreko urteotan bezala, ‘Txikiak’ eta ‘Udalekuak’ izeneko programetan izena ematen dutenen artean ez da zozketarik izango, alegia, izena ematen duten haur guztiek izango dute modalitate horietan parte hartzeko aukera. Bi kanpaldien kasuan, aldiz, plazak mugatuak izango dira eta zozketara aterako dituzte.

Prezioak hauek dira:

Txikiak: 41,50€

Udalekuak: 51,80€

Beireko kanpamenduak: 207,20€

Lousadako kanpamenduak: 186,48€

Bestetik, Udalak gogorarazi nahi du hobariak izango dituztela familia ugariek eta seme-alaba bat baino gehiago izena ematen duten familiek. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen duten familientzat ere hobariak egongo dira.

Aurten ere, behar bereziak dituzten haurrei arreta emateko hezitzaileak kontratatuko dira.

Udalekuen egunerokotasunari dagokionez, aurtengo programaketak oraindik garatuta ez dauden arren, aurreko urteetako ildo berdina jarraituko dute. Txikietan adibidez, ez dira faltako igerileku egunak, gaikako jolasak eta azken eguneko mozorro festa, Udalekuetan, ezinbestekoak izango dira museo baten bisita, igerileku eta hondartzako txangoak, kirolak… Kanpamentuek ere programazio osatua izango dute talde lana eta bizitza osasuntsua sustatzen duena.

Haurrak adin bereko 10 edo 12ko taldetan banatzen dira, eta horrelako zenbait taldek, aldi berean, talde handiago bat osatzen dute eta elkarrekin ibiltzen dira guztiak.

Honekin, antolatzaileek gurasoak gonbidatu nahi dituzte, beren seme-alaben izen-ematea egiterako orduan, lagunak binaka edota hirunaka apuntatu beharrean, egin dezatela apustu eta bakarrik apunta ditzatela inongo beldurrik gabe; izan ere, Udako Oporrak lagun berriak egiteko aproposak baitira.