‘Orain bizikletan’ kanpaina jarri du martxan Udalak

Osasuna, ingurumena eta hiri-erosotasuna sustatzea dira ingurumenaren inguruan kontzientziatzeko udal kanpaina honen osagai nagusiak. Kanpainaren helburua da Errenterian bizikleten presentzia nabarmen handitzea erabilera ezberdinetan: lanera joateko, erosketetara joateko, ikastetxera joateko, …

2016ko martxoaren 16an Tokiko Gobernu Batzarrak “Errenteriako oinezkoen eta bizikleten mugikortasunerako plana” izeneko dokumentua onartu zuen. Dokumentu estategiko horrek, eta 2025era arte indarrean dagoenak, mugikortasun motorizatuaren murrizketaren arloan Udalak dituen nahiak eta konpromisoak jasotzen ditu.

Orain, bizi izan dugun etxeko konfinamenduaren pixkanakako deseskaladaren eta jarduera ekonomiko eta sozialak berraktibatu ondoren, egoera sozio-ekonomiko berria, epe labur eta ertainera, zalantzazkoa da. Agertoki berriko neurriek, hala ere, izango dute etorkizuneko mugikortasunean eraginik, eta horrek aukera eman lezake bizikletari hirigunetan garraiobide gisa bultzatzeko, mugikortasuna segurtasun, autobabes eta segurtasun-distantzia baldintzetan garatzea bermatzen baitu.

Asko dira mugikortasun ez-motorduna lehenesteko agertoki berri bat sortzeko arrazoiak: osasun publikoa eta ingurumena hobetzea, jarduera fisikoa areagotzea, gas kutsatzaileen eta ingurumen-zarataren emisioa murriztea, klima-aldaketaren aurkako ekintza, pertsonen arteko gizarte-urruntzea bermatzea, espazio publikoa motorrik gabe okupatzea lehenestea, adin-tarte kalteberenetan (haurrak, hirugarren adina, desgaitasuna duten pertsonak,…) hiriko segurtasun eta erosotasun bermeak handitzea, oinezkoen eta bizikletan doazenen arteko lotura,… Gainera, gogoan izan behar da atmosferaren kutsadura izan dela koronabirusaren transmisioen eta kutsatzeen gorakadaren bektore bat.

Bizikletaren erabilera normalizatua sustatzeko ‘Orain bizikletan’ ingurumen-sentsibilizaziorako kanpaina berri honekin batera, bizikletaren mugikortasunari lotutako bi kontratazio berri egin ditu Udalak: 2016ko Bizikletaren Planean jasotako plangintzaren berrikuspena, eta bizikletarekin lotutako trafiko-seinaleak hobetzeko azterlana.
Bukatzeko, Udalak “Bizikleta hiriko garraiobide gisa ezartzeko udal programa” diseinatu eta garatu nahi du datozen hilabeteetan hirigunean bizikleta gaur egun baino gehiago erabili dadin.