Abian da XX. Ijito Kultur Astea

Camelamos Adiquerar elkarteak antolatutako Ijito Kulturaren Astea ospatzen ari da aste honetan. Ijito kultura herritar guztiei hurbiltzea helburu duen ekimenaren 20. edizioa da hau.

Gaur goizean egin duten aurkezpenean, Jose Ramon Gurruchaga Kultura Aniztasun zinegotziak adierazi du ohore handia dela ekimen honen alde egitea, ijitoen komunitatea betidanik oso integratuta dagoelako udalerrian, eta haiek beren kultura herritarrei zabaldu nahi izan dietelako beti.

Bestalde, Maite Gartzia Kultura zinegotziak eskerrak eman ditu elkarteak integrazioaren alde egiten duen lanagatik, eta gogorarazi du aste hau herritar guztientzako dela.

Ondoren, Camelamos Adiquedar elkarteko lehendakari Juan Carlos Jimenezek eskerrak eman dizkio Udalari emandako babesagatik, eta gogorarazi du 20 urte daramatzatela Ijito Kulturaren Astea antolatzen. Jimenezek azaldu duenez, gorabeherak daude, eta une honetan ijito herria ikusten ari da “pixka bat atzera egiten ari garela, Covidaren krisitik nolabaiteko arrazakeria, xenofobia, altxatzen ari baita. Arazoak daudenean, pixka bat gehiago zapaltzen dira gehien diskriminatutako pertsonak, eta urte batzuk daramatzagu hori detektatzen”. Adierazi duenez, elkartearen bidez nahi dutena da jendeak beraiek ikustea, hurbiltzea, ezagutzea, hitz egitea, eta herri baten errealitatea ikustea, ijitoen kulturari eta haren balioei buruzko ezjakintasun handia baitago. Beste kultura batzuetatik ere ikasi eta partekatu nahi dute, eta hori da elkartearen lana.

Egitaraua

Moncho Jiménez Camelamos Adiquedar elkarteko kideak azaldu du egunotako agenda. Gaur goizean hasi da programazioa, Zumardian egin den ijito-kafearekin, eta bertara hurbildu diren pertsonek kafea eta pintxoa hartu ahal izan dituzte.

Jarraitzeko, gaur arratsaldean, 20:00etan, esku pilota txapelketa hasiko da Fanderiako Agustina Otaola pilotalekuan.

Ordu berean, 20:00etatik 22:00etara, Udaletxeko fatxada argiztatuko da Ijito Banderaren koloreekin.

Bihar, asteartea, umeen txanda izango da, Agustinetako Ludotekan “Zer da ijitoa izatea?” jarduera izango baita.

Asteazkenean, urriak 19, 19:00etan, Lekuonak Beraun eta Gabierrotako gaztelekuekin batera antigitanismoaren inguruko jarduera hartuko du. Bertan, hainbat gai jorratuko dira, hala nola antigitanismoa eta sare sozialak, ijitoen kulturaren inguruan esaten dena…

Egun horretan bertan, 19:00etan, pilota partida izango da Agustina Otaola pilotalekuan.

Ostegunean, 18:00etan, Lekuona Fabrikak ‘La gran redada. ¿Cómo nos afectó?’ hitzaldia hartuko du, Israel Gabarri eta Vicente Claveria ijitoen kulturan eta historian adituen eskutik. Antolatzaileek azpimarratu dute jarduera hau oso interesgarria izango dela ijitoen historia eta kultura ezagutzeko grina duen edonorentzat, eta adierazi dute oso jarduera dinamikoa izango dela eta galderak egiteko aukera egongo dela.

Azkenik, ostiralean, urriaren 21ean, 20:00etan, esku pilota finala eta sari banaketa izango dira.

Camelamos Adiquerar elkarteko kideek jardueretan parte hartzera animatu dituzte errenteriarrak.