Inauteri batzordeko kideek aurtengo egitaraua aurkeztu zuten atzo

Inauteri Batzordeko kideek aurtengo jaien egitarau zabala aurkeztu zuten atzo. Badatoz inauteriak eta azken urteetako bideari jarraiki, ilusio handiz aritu dira lanean herritar guztien gozamenerako eta adin guztietarako programa antolatzeko.

Herria zertaz mozorrotu nahiko luketen galdetu zitzaien herritarrei duela 4 hilabete, eta geroztik, ekintza ezberdinak prestatzen aritu dira. Kaldereroekin ekingo zaio festa giroari asteburu honetan eta hilaren 21ean sardinaren ehorzketa eta gero amaiera emango zaie jai egunei. Tartean izango dira sagetan oinarrituko diren inauteri egunak.

Ohikoa den bezala, aurten ere udaletxeko arkupetan jartzen den photocalla, familia jolasak, tailerrak, konpartsen desfilea… edukiko dituzte herritarrek. Gainera, bi urteko etenaldiaren ostean, bi ekintza berreskuratu dira: Errenteriako biztanleak dantzan jartzen dituen Oarsoirriak Sagen Musikala deituriko ekimena (https://oarsoirriak.net/2023/02/02/otsailak-18an-familien-kalejira/) eta familiek gogo handiz gozatzen duten herri bazkaria. Azken honetarako tiketak salgai daude jada Lekuonako Kantinan eta Xenpelar Kulturdendan.

INAUTERIEN HASIERA

Otsailaren 16an, 19:45ean, festari hasiera emateko ekitaldi berezia izango da Herriko plazan. Azerikoren lagunak (Asteme, Oilarqueen eta Katuko) udaletxeko balkoira irtengo dira jaiari hasiera emateko. Azeri dantza koloretsua izango da jarraian.

Horrez gain, ostegunean konpartsen aurkezpenaz gozatzeko aukera edukiko dute herritarrek ondorengo 3 formatutan:

Alde batetik, dantzaldiak gertutik ikusi nahi dituztenek ikuskizuna presentzialki bizitzeko aukera edukiko dute Lekuona Fabrikan. Horretarako sarrerak otsailaren 11an jarriko dira eskuragarri, 12:00etan Lekuona Fabrikan eta sarrerak.errenteria.eus webgunean, haien prezioa 1€-koa izanik.

Bestetik, emanaldia pantaila handian bizitzea gogoko dutenek zuzeneko proeikzioa ikustera gertura daitezke Niessen Kulturgunera. Horretarako gonbidapena eskura dezakete sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan baita ere.

Era berean, herritarrek zuzenean ikusi ahal izango dute ikuskizuna euren etxeetatik honako helbidean: herribizia.errenteria.eus/inauteriak.

EGITARAU OSOA

Bukatzeko, Inauteri Batzordeko kideek argi utzi nahi izan zuten ondorengoa: “Egitarau osoa, bihartik aurrera izango da eskuragarri udal eraikin publikoetan eta turismo bulegoan. Formatu digitalean, aurkituko dute, hala nahi dutenek, Herri Bizia webgunean (herribizia.errenteria.eus). Gainera, bertan, inauterietako argazkien bilduma argitaratuko da egunero”.