Madalenetako kartel lehiaketan lanak aurkezteko epea zabalik

Errenteriako Udaleko Kultura sailak XXXVII. Kartel Lehiaketa deitu du, Madalenak 2023 jaietako irudia izango dena aukeratzeko.

Berrikuntza batekin dator aurtengo lehiaketa, izan ere,  haurren kategorian ere lehiatu ahalko dute gazteenek eta lan irabazlea Madalenetako haurren programazioko irudia izango da. Kategoria honetan DBH2. maila arteko haurrek hartu ahal izango dute parte.

Kartelak herriko jaiekin zerikusia izan behar du eta Herri Bizia webgunean sortutako atal berezian dagoen formularioa beteta bidali beharko dituzte proposamenak egileek, JPG formatuan.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago jada eta maiatzaren 11n amaituko da. Epaia maiatzaren 31an jakinaraziko dute jendaurrean. Kategoria orokorreko irabazleak 1050 euro jasoko ditu, haurren kategoriako saridunak aldiz, eskola materiala erosteko 150 euroko bonoa jasoko du.

Herri saria

Herritarrek ere izango dute euren kartel gustukoenari bozka emateko aukera. Horretarako, aurretiko hautaketako lanak, gehienez ere 50 kategoria orokorrean eta 15 haurren kategorian, Xenpelar Etxean erakutsiko dira maiatzaren 22tik ekainaren 3ra. Bertaratzen denak botoa emateko aukera izango du maiatzaren 30a arte. Egileak Madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen jasoko ditu sari gisa.