Udalak beste errekerimendu bat egingo dio Eusko Jaurlaritzari, Papresaren jardueraren ondoriozko zarata eta usainak direla eta

2020ko urrian Quantum Capital Parteners enpresak Papresa erosi zuenetik, konpainia birmoldaketa batean murgilduta egon da, prentsa-paperaren ekoizpenaren zati bat enbalaje-paperera dibertsifikatzeko helburuarekin.

Birmoldaketa hori hasi zenetik, eta enpresaren kokalekuak herritarren ongizatean dituen eraginak arintzeko Udalaren kezkaren ondorioz, enpresak hainbat konpromiso hartu zituen publikoki, eta neurri batzuk jarri zituen abian, bereziki zaratei eta kamioien trafikoari buruzkoak.

Hala ere, zaratak eragindako afekzioek kexa eta erreklamazio ugari sortzen dituzte oraindik ere, batez ere inguruan bizi diren bizilagunen aldetik, eta horri gehitu behar zaio azken hilabeteotan antzeman diren usainek sortutako eragozpena.

Errenteriako Udalak behin baino gehiagotan gogorarazi dizkio Papresari zarataren inguruan hartutako konpromisoak, horiek bete ditzan. Era berean, enpresari informazioa eskatu dio usainen jatorriari buruz, egiten ari den kontrolari buruz eta horiek arintzeko hartuko diren neurriei buruz, eta ez du erantzun zehatzik jaso.

Udalak, halaber, bi errekerimendu aurkeztu dizkio azken hilabete hauetan (2022ko azaroan eta 2023ko martxoan) Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari, Papresa egiten ari den ekoizpen-aldaketak baimentzeaz eta bere jardueraren ondoriozko eraginak kontrolatzeaz arduratzen baita. Errekerimendu horietan, Eusko Jaurlaritzak Papresa eraldatzeko baimena eman zuenetik Udalean zaratarekin eta usainekin lotuta jaso diren kexa eta erreklamazioez gain, honako hauek ere jakinarazten ziren: eraldaketa horren behin betiko egoera zein izango den jakiteko beharra, zarata-eragozpenen azterketa eta kontrol zehatzagoa, eta usainen ebaluazio eta kontrolaren egoera.

Erantzunik ez dagoenez eta eragozpenek bere horretan jarraitzen dutenez, Udalak, datozen egunetan, beste errekerimendu bat egingo dio Eusko Jaurlaritzako sail eskudunari, helarazitako baldintzetan.

Errenteriako Udalak espero du Papresak eta Eusko Jaurlaritzak kontrol- eta zuzenketa-neurri egokiak aplikatzea, industria-jardueraren eta herritarren ongizatearen arteko beharrezko bizikidetza bilatzeko.