Irteera gidatuak Aiako Harria parke naturalean eta Lau Haizeta parkean abuztua, iraila eta urrian zehar

Errenteriako Udalak eta Oarsoaldeko Turismo Bulegoak bisita gidatuak antolatu dituzte aurten ere Aiako Harria Parke Naturalera (Natura 2000 Sarea) eta Lau Haizeta Parkera.

Aiako Harriko Parke Naturalean, Urdaburu mendia inguratuz Añarbeko Baso Erreserba; Aldura, Pertsele eta Igantziko tontorrak, eta Aizpitarteko leizeak izango dira, Lau Haizeta Parkeaz gain, uda honetarako programatutako irteeretarako guneak.

Irteera bakoitzeko gehienez 15 bisitari izango dira, bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira eta izena emateko Errenteriako turismo bulegora deitu behar da 943 494 521 telefonora edo turismoa@oarsoaldea.eus helbidera e-mail bat bidaliz, bisita baino bi egun lehenagora arte.

Irteera hauen helburua hurbileko natura- eta kultura-ondareari balioa ematea da, askotan gertu egonagatik, ezezagunak baitzaizkigu. Proposatutako lau irteerak udako asteburu guztietako larunbata edo igandetan txandakatuko dira, abuztuaren 6tik urriaren 21era bitartean.

Hasiera 10:00etan izango dute, horietako bakoitzerako adierazitako abiapuntuan, eta irteera motaren arabera, iraupen desberdina izango dute.
Lau Haizetara eta Txoritokietako estazio megalitikora egingo diren bisitak San Markoko gotorlekuko aparkalekutik abiatuko dira, eta 3 orduko iraupena izango dute. Hiru ordu horietan trikuharri bat eta menhir bat bisitatuko dira beste monumentu megalitiko batzuen artean, eta lurraldearen eremu handi bat 360º-ko ikuspegian ikusi ahal izango da abuztuaren 6an, irailaren 2an eta urriaren 1ean.

Aizpitarteko irteerak (5 urtetik gorakoentzat) ordu eta erdi iraungo duen bisitan, Euskal Herrian aurkitutako Goi Paleolitoko lehen aztarnategira hurbilduko ditu bisitariak abuztuaren 12an, irailaren 10ean eta urriaren 7an, Barrengoloiako aparkalekutik abiatuta.

4 orduko ibilaldian, Susperregiko aparkalekutik abiatuta Añarbeko Baso Erreserbako pagadietan murgilduko da ibiltaria, abuztuaren 20an, irailaren 16an eta urriaren 15ean, Malbazar eta Pagosardeko basoaren eta hezeguneen berezitasunak ezagutuz.

Eta, azkenik, Aldura, Pertsele eta Igantziko inguruetatik, bertako zerua zeharkatzen duen biodibertsitatea ezagutzeko aukera egongo da, gailur eta lepoetatik bista paregabeez gozatuz, abuztuaren 26an, irailaren 24an eta urriaren 21ean.