Herri Arte Eskolak Galesko hiru artistekin hilabeteetako elkartrukea egin du Atlantikaldiaren baitan

  • Gales-ko Gwilym Rhys (kantua eta gitarra), Patrick Rimes (biolina eta kantua) eta Angharad Harrop (dantzaria) artistekin egin dute konexioa.
  • Hizkuntza gutxituak, erritmo, doinu eta instrumentuak, dantza pauso eta jantziteriak… ezagutu eta kontuan hartzeko aukera eskaintzen du proiektuak.

Errenteriako Herri Arte Eskolak beste lurralde eta kulturekin harremantze egitasmo bat garatzeari ekin zion Atlantikaldia jaialdiaren testuinguruan proiektu pedagogiko eta artistiko bat burutzeko asmoarekin. Egitasmo honetan tokian tokiko musikari eta dantzariekin harreman zuzena ezartzen da baita egokierak ahalbidetzen badu bertako eskola batekin ere. Proiektu honi esker hizkuntza gutxituak, erritmo, doinu eta instrumentuak, dantza pauso eta jantziteriak… ezagutu eta kontuan hartzeko aukera eskaintzen du geureak ditugunak aktibatzearekin batera.

Era honetan bi ildo jorratu nahi dira: batetik artistikoa, gonbidatuekin Atlantikaldia jaialdian Euskal Herriko eta elkartuke-herrialdeko doinu eta dantzekin emanaldi bat eskaintzeari begirakoa; eta bestetik pedagogikoa, gonbidatutako artista hauek eskola komunitateko kideei Eskolan ematen dizkieten ikastaroetan oinarritua. Horretarako ikasturte ikuspegiarekin metodologia gisako bat finkatu da, eta hala, udazkenean herrialde berri batekiko harremanak ezarri, neguan errepertorio eta moldaketak burutu eta udaberrian artistak Eskolan egonaldi labur bat burutzen dute topaketa pedagogikoak eskaini eta iraileko emanaldira begirako erabaki artistikoak jorratzeko. Irailean bigarren itzulera burutzen dute jarduera pedagogikoetan sakondu eta emanaldi aurreko azken entsegu orokorrak egiteko.

Horrela, hirugarren urtez jarraian, Herri Arte Eskolak konexioa burutu du eta Gales-i begira jarri da oraingo honetan. Galesko hiru artistekin hilabeteetako elkartrukea egin ondotik Gales eta Euskal Herriko doinu ezagunen bertsio eta koreografiak taularatuko dira, eta ezinbestean horietako asko ‘folk’ doinu bizi zein amultsu nabarmenarekin! HAE-ko 50 ikasle eta irakasletik gorako parte-hartzeari  Gwilym Rhys (kantua eta gitarra), Patrick Rimes (biolina eta kantua) eta Angharad Harrop (dantza) artistena gehituko zaie.

Horrez gain egitasmo hau joan-etorrikoa izan dadin bilatu nahi da, alegia, Eskolan eta Atlantikaldia jaialdiari begira ematen den prozesu hau guztia gonbidatu den herrialdean bertan ere islada edukitzea era honetan emanaldiari begira egindako lanketa guztia beste hitzordu batean plazaraziz eta euskal kulturako hainbat musika eta dantzaren berri tailerren bidez kanpoan era berean ezagutaraziz.

Ondorengoak izan dira aurretik egindako trukeetako batzuk: 2021ean, Galiziako Vigoko ETRAD eskolako Xisco Feijoo (kantua, perkusioa, gaita eta dantza) eta Xan Perez (gaita, kantua eta dantza); 2022an, Kataluniako El Prat de Llobregateko Ignasi Cama de la Escola d ‘Art en Viu irakasleekin (gitarra eta kantua), Sergi Torrentekin (prekusioa, kutxa) eta Gemma Rovirarekin (graila eta dantzak). 2023an, proiektua Galesko Gwilym Rhys (kantua eta gitarra), Patrick Rimes (biolina eta kantua) eta Angharad Harrop (dantzaria) musikariekin egingo da.